Platon
Greziako filosofoa (Atenas edo Egina, K.a. 428 inguruan – Atenas, 347). Familia aristokratiko eta aberatseko semea: aita, Ariston, Atenasko azken erregeen ondorengoa zen, eta ama, Periktione, Solon-en leinukoa. Aristokles zuen jatorrizko izena, baina Platon (“zabala”) ezizena hartu zuen haren ordez. Garai hartako maisu onenekin hezi zuten. K.a. 407. urte inguruan Sokratesen taldean onartu zuten eta zortzi urtez, Sokratesen heriotza arte (K.a. 399), bere filosofian eragin handia izan zuen maisuaren irakaspenak jaso zituen. Politikan parte hartu zuen baina Karmide eta Kritia oligarken eta haien ondoko demokraziaren bidegabekeriek gibelatu zuten hartatik. Gero zenbait bidaldi egin zituen Grezian, Egipton, Italian eta Sizilian zehar. 388 inguruan Tarentora joan zen eta eskola pitagorikoa ezagutu zuen; gero Sirakusan Dionisio I.a tiranoaren antolakuntza politiko sozialerako aholkulari izan zen. Atenasa itzulirik, Akademia sortu zuen (K.a. 387) gazteria zuzenbidearen arabera gobernatzeko gaitzeko asmoz. Erakunde horretan hezkuntza zientifikoa eta filosofikoa ematen ziren; eragin handia izan zuen antzinate osoan. K.a. 367an Sirakusan izan zen berriro Dion dizipuluak deiturik, bertako errege Dionisio II.a halako errege-filosofo platonikoa egiteko helburuarekin; 361ean hirugarren aldiz izan zen Sirakusan bere ideia politikoak praktikan ezartzearren. Egonaldi horiek ez ziren batere arrakastatsuak izan, eta bere gutunetan hango gertaeretan jokatu zuen papera azaltzen saiatu zen. 81 urte zituela hil zen Atenasen. v Platonen obrak. Platon greziar filosoforik handienetako bat da, eta idazle nagusien artean sailkatu ohi da munduko literaturaren historian. Obra gehienka elkarrizketa moduan idatzi zituen. Egitura dramatikoa, agertokien eta pertsonaien deskripzioa eta Sokratesen ironia zorrotza dira elkarrizketa horien ezaugarriak. Obra horien ordena kronologikoa eta autoretza eztabaidatua bada ere, estiloa eta dotrinaren bilakabidea kontuan hartuz gero, hiru aldi bereizi ohi dira eskuarki. Sokratesen apologia, Karmide, Kriton, Eutifron, Hipia txikia, Ion, Lakes eta, agian, Lisis lehen aldiari dagozkio: Sokrates da protagonista eta berak aztertzen eta eztabaidatzen ditu solaskideen ikuspuntuak. Bigarren aldikoak Protagoras, Gorgias, Menon, Menxeno, Eutidemo, Fedon, Fedro, Kratilo, Parmenides, Errepublika, Oturuntza eta Teeteto. Horietan protagonista handia Sokrates bada ere, Platonenak diren zenbait dotrina ere ageri dira. Hirugarren sailean filosofoaren hondar obrak sartzen dira: Kritia, Filebo, Politikaria, Sofista eta Timeo. Obra horietako kezka nagusia heziketa morala da. Elkarrizketez gain, Platonen beste zenbait idazki iritsi dira gure egun arte, zenbaitetan autoretza zalantzazkoa bada ere: zenbait epigrama, poesia zatiren batzuk eta 13 gutun. ik. platonismo. v Platonen 14 elkarrizketa itzuli zituen euskarara Jokin Zaitegik 1975 eta 1989 artean argitaraturiko sei liburutan.