Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

platonismo

iz. Fil. Platonen eta haren jarraitzaileen filosofia sistema. ik. Akademia.  v Platonen filosofiaren funtsezko gunea ideien edo formen dotrina da: zentzumenek bideraturiko ezagupenak errealitate aldakor eta faltsu baten berri besterik ez dute ematen; ezagupen intelektualaren bidez, ordea, esentzia aldaezinak eta iraunkorrak, Formak edo Ideiak alegia, atzeman ditzake filosofoak. Izaki edo gauza mota edo sail bakoitzari bere Forma perfektua dagokio Ideien munduan. Ideia horiek hierarkizaturik daude; denetan garrantzitsuena Ongiaren Ideia da. Bestalde, Platonentzat arima hilezkorra eta gorputz hilkorra dira gizakiaren osagaiak; arima gorputza baino antzinakoagoa da eta gorpuztu aurretik Ideien munduarekin harremanetan izan da; mundu honetan Ideien ezagupena arimak lehen ezagutu duenaren oroitzapenaren bidez iristen da, filosofia jardunean (dialektika) eta helburu horretan eragozpen izan daitezkeen gorputzaren premiak alde batera utziz. Honek guztiak, bestalde, badu ondoriorik politikari dagokionez; izan ere, Ongiaren ezagutza filosofoek soilki eskura dezaketenez, haiek izan beharko lukete hiri idealaren agintariak.