Pirinioak
Iberiar Penintsularen eta Europako kontinentearen arteko mendilerroa. 435 km luze da eta 55.000 km2 inguru hartzen ditu. Atlantikotik, Bizkaiko golkotik, Mediterraneoraino hedatzen da, mendebal-ekialde, ardatz lerrozuzen baten inguruan. Frantziaren eta Espainiaren arteko ur isurien banalerroa eratzen du eta bi estatuen arteko muga historikoa izan da. Erdialdean du zabalera handiena, 140 km; mendebaleko muturrean, Ipar eta Hego Euskal Herrian, 25 km eta ekialdekoan, Ipar eta Hego Katalunia, 10 km besterik ez du. Bi sakonune handiren erdian kokatuak dira Pirinioak: Akitania eta Languedoc iparraldean eta Ebro arroa hegoaldean. Orografiaren arabera hiru zati bereizten dira: Mendebaleko Pirinioak, Erdialdekoak eta Ekialdekoak. Mendebaleko Pirinioek euskal kostaldetik Somport leporaino hartzen dute. Garaiera aski apalekoak dira hasieran, baina mendebalera joan ahala gero eta garaiera handiagoa hartzen dute: Orimendi (2.017 m), Auñamendi (2.504 m). Mendilerroa iraganbide diren zenbait mendi lepok mozturik ageri da, hala nola Ibañeta (1.057 m). Erdialdeko Pirinioak La Perxa leporaino iristen dira, alderik zabalena da eta gailurrik garaienak ditu: Midi d’Ossau (2.885 m), Vignemale (3.298 m), Perdido (3.355 m), Posets (3.371 m), Aneto (3.404 m). Alde horretako mendilepoak garaiagoak dira: Somport (1.632 m), Portalet (1.792 m), Tourmalet (2.114 m), Bonaigua (2.072 m), Envalira (2.407 m), Puigmorens (1.931 m) eta La Perxa (1.577 m). Ekialdeko Pirinioak La Perxa mendilepoan hasi eta Alberes mendialderaino iristen dira, ia Mediterraneoko kostalderaino. Carlit (2.921 m), Puigmal (2.923 m) eta Canigo (2.786 m) dira gailur nagusiak. Alde horretako mendilepoek garraioen joan-etorri handia bideratzen dute: Perxa, Port Bou, La Junquera, Puigmorens. v Geologia. Luzetara hiru geologia alde nagusi bereizten dira: ardatz aldea erdian eta horren alboetako zerrenda bikoitza edo Pirinioaurreak, iparrekoa eta hegoaldekoa. Ardatz aldea Era Primarioko hertziniar mendialde baten hondarrez osatua da; duela 500 milioi urte sortu zen eta bloke kristalinoz osaturiko gune gogor zurrun hori, erosio prozesu luzea jasan ondoren, Hirugarren aroko orogenia alpinoak berriro goraturik gertatu zen, haustura eta faila sistema bat eraginez. Ardatz horri mendialde gorenak dagozkio. Ardatz aldearen albo bietan eta haren paraleloan Hertziniar garaiaren ondoren pilaturiko kareharrizko geruza sedimentarioak tolesturik gertatu ziren orogenesi alpinoaren eraginez, eta Pirinioaurreak moldatu ziren. Kuaternarioko glaziazioetako erosioak Pirinioetako gailurrak itxuratu zituen; haran sakonak eta zirkuak (Gavarnie, Troumouse, etab.) eratu zituen; haietariko asko gero ibaiek eta aintzirek bete zituzten (egun 2.200 ibon inguru dira). Kuaternarioko aztarnak dira Maladeta, Perdido, Posets eta Vignemale-ko izoztegiak. Pirinioaurreak, beraz, bi zerrenda paralelok osatzen dituzte; iparrekoa (Petits Pyrénées) hegoaldekoa baino estuagoa da. Hegoaldeko Pirinioaurreak bi mendialdek osatzen dituzte, beren artean sakonune bat delarik. Segre ibaiaren ekialdera bi aldeok ongi bereizten dira; barnealdekoak, ardatz aldeari itsatsita, mendi garaiak ditu. Kanpoaldekoa, hegoalderago, mendialde apalagoek osatzen dute. Bien arteko sakonunea Iruñerriak, Aragon ibaiaren ibilguak (Verdun-go ubidea) eta Conca del Tremp deituak osatua da. Segre ibaiaren mendebalera, ordea, sistema bikoitz hau nahasiago agertzen da, mendialde garaiak eta, Llobregatetik hara, Bassegoda (1.376 m) eta Alberes (1.275 m) mendialde apalak biltzen dituelarik, besteak beste. v Hidrografia. Eskuarki Pirinioetako ibaiak urlaster moduan abiatzen dira iparreko zein hegoaldeko sakonunetarantz, mendialdeak trebeska mozten dituztela. Ibilgua sistemaren norabidean duten ibaiak gutxi dira. Komunikazioak zailak izan dira oraintsu arte halako ibaiek sorturiko haran meharretan zehar. v Klima, landaredia eta fauna. Pirinioetan klima gorabehera handiak dira: mendebaleko Pirinioetan (Auñamenditik itsasora) Atlantikoko haize hezeek euria (>1.000 mm3 urteko) eta epeltasuna dakartzate; ekialdean (Ampurdá) Mediterraneoko klima da nagusi (600-800 mm3 urteko, eguzkitsua); erdialdeko Pirinioetan gailur lerroak bereizten ditu klima motak: Atlantikokoa iparraldean, Mediterraneokoa hegoaldean (zenbat eta ekialderago orduan eta lehorragoa); goi mendia, ordea, klima kontinental gogorrekoa da. Oro har, iparraldea hezeagoa da hegoaldea baino. Basoak oraino sail handiak estaltzen ditu, gehienbat ardatz aldean. Artea, pagoa, haritza eta gaztainondoa dira behealdeko zuhaitzak, 1.500 metro artean; handik gora, 2.400 m arte, konifero basoak agertzen dira: izaia, urkia, mendi pinua, pinu gorria. Ardi eta behien bazkaleku diren mendi larreek eta sastrakadiek ere sail handia hartzen dute. Fauna askotarikoa da, batez ere hegoaldean: azkeneko hartzen ondoan, sarrioak, lepahoriak, erbinudeak, eta beste animalia batzuk aurkitzen dira, baita zenbait animalia bitxi ere, hala nola munduan diren desman mota bietako bat. v Giza geografia eta ekonomia. Inguruneak eragindako bakartasunak bertako gizataldeen berezitasunak gordetzen lagundu du: euskaldunak mendebalean, biarnotarrak, bigorratarrak eta aragoitarrak erdialdean; katalanak ekialdean. Erdi Arotik, halaber, haran askotako herriak zenbait elkarte politiko-ekonomikotan bildu ziren baliabide naturalak (larreak, basoak, urak, meak) elkarrekin ustiatzearren. Antolamendu horien aztarnak dira iparraldeko herriarteko sindikatuak (Garazi, Zuberoa, Ossau…) eta hegoaldeko zenbait udalen eraketa, hala nola Baztangoa. Andorra estatu erdi burujabea da iragan horren aztarna bizia. XX. mendean, iraganean bezala, ardi eta behi azienda da Pirinioetako ekonomiaren gunea baina komunikabideek ekarritako erraztasunak eta laborantza teknika berriak direla medio, bertan lorturiko gaiak –esnea, batez ere, eta haragia–, bertakoen kontsumorako soilki izan beharrean, kanporako ekoizpen sareetan sartu dira (esne industriak, merkataritza sareak). Nolanahi ere, abeltzaintzari dagokionez, aldaketak ez dira parekoak izan Pirinioalde guztian: Ipar Euskal Herrian eta Biarnon transhumantzia desagertu da eta ardi esnearen produkzioa izugarri gehitu da (400.000 ardi); hegoaldeko Pirinioetan ardi kopuru handia da (milioi bat Aragoin, 600.000 Nafarroan, 400.000 Katalunian) baina transhumantzia jaitsi da. Pirinioalde guztian milioi batez goitiko behi kopurua dago baina, oro har, ikuiluetara biltzen diren behien kopurua gehitu da. Laborantza askotarikoa da, eta patata eta laboreak dira oinarrizko gaiak; ipar-mendebalean artoa da garrantzitsua (Euskal Herria eta Biarno); Garonnetik hara garia eta garagarra; hegoaldean, garia eta ekialdean, gariarekin batera, fruitu arbolak, olibondoak, mahastiak, etab. Oihanen ustiakuntza aspaldiko jarduera da Pirinioaldean. Meagintza ere aspaldikoa da (bauxita, talkoa, gatza, potasak…), baina garrantzi apalekoa. Iparraldean hidrokarburoak dira: Lacq-eko eta Saint-Marcel-eko gas naturalak Artix-eko argietxea elikatzen du. Elektrizitatearen produkzioa garrantzitsua da bi aldeetan: garaiera handiko ur-jauziak iparraldean eta lurrak ureztatzeko ere erabiliak diren urtegi handiak hegoaldean. Pirinioaldean industria gutxi garatu da eta molde tradizionaleko jarduerek (artilea, kotoia, zapatagintza) neke handiak dituzte bizirik irauteko edota desagertzeko zorian daude. Industria modernoek bertan sorturiko energia erabiltzen dute: aluminio fabrikak eta industria elektrokimikoa Ariège-n eta Aragoin. Gipuzkoa, mendialdearen muturrean, benetan industrializaturiko eskualde bakarra da, eta Pirinioetako industria langileen erdia baino gehiago hartzen du. Industria gabezia honek erakusten du Pirinioaldeko hirien txikitasunaren zergatia: Oloroe, Lourdes (18.000 biztanle), Saint-Gaudens, Pamiers, Foix, Jaca, Andorra la Vella (26.000 biztanle), Ripoll, Olot… Hiri handiak –Donostia, Baiona, Paue, Tarbes, Iruñea, Lerida– ez daude mendialde betean, muga hegian baizik. Gaur egun Pirinioetan joan den mendean baino biztanle gutxiago dago; biztanleriak komunikabideetatik urrutien ziren herrietatik alde egin du eta goian aipaturiko hirietara edo ondoko ordokietako hirietara jo du (Bordele, Tolosa, Zaragoza) edo harago (Bartzelona). Azken urteotan, mendiko turismoak beheranzko joera demografiko hori eragotzi du hein batean, batez ere Katalunia aldean. Hala, iparraldean, eskialeku aski handien ondoan –Gourette, La Mongie, Saint-Lary– beste hogeita hamarren bat gehiago prestatu dira; mendebalean, aldiz, hogei eskialeku inguru daude Candanchu-tik Nuria-raino. Turismo termala ere indarberritu da azken garaietan, batez ere iparraldean.