Pirie, Gordon
Britainiar atleta (Leeds, West Yorkshire, 1931- Lymington, Hanpshire, 1991), 1950eko hamarraldiko atletismoko izar handienetakoa izan zen, iraupen probetan batez ere. Munduko errekorra behin baino gehiagotan lortu zuen 3.000 eta 5.000 metroko lasterketetan, eta britainiar errekorra lortu zuen orotara 24 aldiz, 2.000 eta 10.000 metro arteko lasterketetan. Dena dela, sekula ez zuen lortu Olinpiar Jokoetarako sasoian egotea, eta horren eraginez ez zuen uste bezain emaitza onik lortu bere karreran. Helsinkin, halere, 1952ko Jokoetan bere lehenengo arrakasta lortu zuen: zazpigarren izan zen 10.000 metrotan eta laugarren 5.000 metrotan. Eta handik lau urtera Melbourneko Olinpiar Jokoetan bere markak hobetu zituen, 5.000 metrotako zilarrezko domina eta munduko errekorra eskuratu zituelarik. Denboraldirik onena 1956koa izan zuen; 5.000 metroko munduko errekorra hobetu zuen eta 3.000 metrokoa berdindu.