piezoelektrizitate
iz. Fis. Gai desberdinen gainean tentsio mekanikoak eragitean sortzen diren fenomeno elektrikoen multzoa. Arroxelako gatza, kuartzoa edo gisako gai baten kristalak presio mekaniko baten eraginpean jartzen badira aurkako aurpegiek karga elektrikoa hartzen dute. Bi aurpegien arteko potentzial diferentzia ezarri den presioaren araberakoa da. Bi aurpegien artean eroale elektriko bat jartzen bada korronte bat eratzen da. Fenomeno hau itzulgarria da, hau da, kristal hori bera eremu elektriko baten eraginpean jartzen bada, kristalaren neurriak eta forma aldatu egiten dira, eta aldaketa hori kristalaren ardatzek eremuari buruz duten orientazioaren araberako da. Ezartzen den potentzial diferentzia alternoaren maiztasuna egokia bada erresonantzia fenomenoa gertatzen da. Hori dela eta, kuartzozko kristalak maiztasuna neurtzeko eredu gisa erabiltzen dira, eta kuartzozko kristalez erregulatuak dauden erlojuak segundokoa baino txikiagoak diren okerrak egiten dituzte denboraren neurketan urte osoan arituz ere.