Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

pietismo

iz. Erl. XVII. mendearen amaieran luteranismoaren barnean sortu zen higikundea. Protestantismoaren ortodoxia hotzaren aurrean joera eta sentimendu pertsonalak, aszetismoa eta bihotzezko konbertsioa hobesten zituen. Eliza ofizialaren aurkako erreakzio haren lehen eragilea Philip J. Spener (1653-1705) ministro alsaziarra izan zen. Spener-en predikuetan eta liburuetan (1675, Pia desideria) zenbait proposamen nabarmentzen ziren: teologiaren irakaskuntza berriztatu eta germaniar tradizioko mistikara itzuli beharra; Biblia osoaren irakurketa; otoitz indibidualaren premia; talde txikiak eratzea Biblia ikasteko eta otoitz egiteko; apaizgo unibertsalaren dotrina. Spener-ek Halle-ko unibertsitatea sortzea (1693) erdietsi zuen Prusiako Frederikorengandik. Spener-en ondoren buruzagitza August H. Francke-k (1663-1727) hartu zuen. Halle-ko unibertsitatea pietismoaren hedagunea izan zen; hango ikasleak izan ziren, besteak beste, Henry M. Mühlenberg, Ipar Ameriketako luteranismoaren antolatzailea, eta Nikolaus Ludwig Zinzendorf-eko kondea, Moraviako elizaren sortzailea. Metodismoak, halaber, pietismoaren ezaugarri anitz beretu zituen. XVIII. mendearen erdialdean iritsi zuen pietismoak bere goren puntua, eta gerora ere eragin sakona izan du protestantismoaren pentsamenduan.