Piero di Cosimo
(Jaiotza izenez Piero di Lorenzo). Italiar pintorea (Florentzia, 1462 - Florentzia, 1521). Haren bizitzari buruzko argibideak Vasari pintoreak emanak dira. 1480an Cosimo Roselliren lantegian lan egin zuen, eta harengandik hartu zuen izena. Erromara joan zen maisuarekin Sixtina kaperako freskoak margotzera. Florentziara itzuli zen eta han eman zuen bizitza osoa. Filippino Lippiren, Lorenzo di Crediren, Luca Signorelliren eta flandiar errealismoaren eragina izan zuen hasieran eta Leonardo, Fra Bartolomeo eta Rafaelena azken garaian. Pintore bitxia zen, garai hartako joerak aintzat hartzen ez zituena. Erretratuak eta mitologiazko eta izadiko gaiak pintatu zituen gehienbat. Margolanak: Simonetta Vespucci, Giuliano da Sangallo, Animalien ikuspegia, Vulkano Ninfek aurkitua, Ehizako eszenak, Mitologiazko eszenak.