Petipa, Marius
Frantses dantzari eta koreografoa (Marseilla, 1819 - San Petersburgo, 1910). Jean Petipa dantza irakasle eta koreografoaren semea. G. Vestrisen ikaslea izan zen, eta 1838. urtean Nanteseko operako lehen dantzaria. Bordelen eta Madrilen lan egin zuen geroago, eta 1847. urtean Antzoki Inperialeko lehen dantzari izendatu zuten. 1858. Urtean, berriz, Ballet Inperialeko irakasle eta dantza maisu egin zuten, eta 1862. urtean lortu zuen lehen arrakasta handia Faraoiaren alaba balletarekin. Ondoren etorri ziren Don Kixote (1869), Roxana edo Montenegroko neska ederra (1878), besteak beste. Bariazio, dantza eta binakako pausoen sortzailea izan zen; adierazkortasun handia eman zion dantza garbiari. Petipak italiar dantzariak sartu zituenean bere taldean ballet akademikoaz zuen estetika aldatu egin zen, pantomima adierazkorra egiteko joera baitzuten haiek. 60 ballet baino gehiago sortu zituen eta Errusiako ballet klasikoaren bide berriak finkatu zituen. Txaikovskirekin batera eta frantses eta italiar estiloak elkartuz, maisu lanak sortu zituen, besteak beste: Loti Ederra (1890); Intxaur kraskailua (1892), Lev Ivanov-en koreografiaz; Beltxargen aintzira (1895). Aipagarriak dira, bestalde: La Bayadère (1877) eta Le Corsaire (1899).