Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

perziforme

izond. Zool. Aktinopterijioen klaseko izen bereko ordenako arrainez esaten da. Gorputza ardatz edo zerrenda itxurakoa izan dezakete, alboetatik estu samarra. Hegalak arantzadunak dituzte gehienek. Sabel-hegalak, dituztenek, bularraldean dituzte. Perziforme mota gehienek bi bizkar hegal dituzte; bata bestearen jarraian antolatuak edo bereizita izan ditzakete. Zenbait perziformek burutik isatserainoko bizkar hegala dute (korifenidoek), beste batzuek bizkar, isats eta sabel hegala bat eginda dituzte (pomazentridoek eta anarikadidoek). Igeri-puxika ez dute digestio aparatuarekin lotua. Arrain hezurdunetan familia eta mota gehien biltzen dituen ordena da, 150 bat familia eta 6.000 inguru mota. Familiarik ezagunenak perzidoak, serranidoak, blenidoak eta gobidoak dira. Itsasoan edo ibaietan bizi daitezke.