Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

perzepzio

iz. Psik. Gorputzaren hartzaileetatik goi mailako nerbio sistemara iristen diren sentipenei koherentzia eta batasuna ematen dien prozesua, gizakiak estimulu fisikoa sumatzen duen unean hasi eta hartaz egiten duen interpretazioarekin egiten dena. Prozesu horretan faktore fisiko, fisiologiko eta neurologikoez gainera, ezagutzak eta afektibitateak ere badute eraginik. Oso prozesu korapilotsua da, psikologiaren alor askotan eragina duena.  v  Perzepzioaren prozesua. Subjektuak objektu hautemangarrien artean batzuk bakarrik hautatzen ditu, eta horretarako, behar beharrezkoa da subjektuaren nerbio sistema erne egotea, aditasuna, alegia. Aditasunak berez dakar hautaketa, nerbio sistemak une batean har dezakeen kitzikadura kopurua mugatua delako. Hautaketan eragina duten beste faktore batzuen artean, aipagarriak dira itxaropena (hauteman nahi den hura hautemateko joera dauka subjektuak) eta aldartea, besteak beste. Hautatu ondoren, subjektuak kitzikadurak antolatzen ditu; Gestalt psikologia eskolak aztertu ditu antolaketa horren gorabeherak. Prozesuaren amaieran, subjektua, bere izaeraren arabera, errealitateaz jabetzen da, elementu berri bat beretzen du, eta ondorioz, ezagutza zabaltzen du. Honenbestez, ezagutza berri honek hurrengo perzepio prozesuak baldintzatzen ditu.  v  Perzepzioa eta psikologia eskolak. Sentipenei buruzko azterketatik abiatuta ekin zitzaion perzepzioa ikertzeari. Filosofoen eta psikologen eztabaidagai nagusietako bat perzepzioen eta sentipenen artean dauden desberdintasunei eta erlazioei buruzkoa izan da. Asoziazionismoaren jarraitzaileentzat, sentipenak elkarren ondoan dauden elementu bakunak dira, eta perzepzioa, berriz, elementu bakun horiek elkarrekin lotuz antolatzen den egitura. Asoziazionismoaren azalpen atomistaren aurka, formaren psikologia (Gestalt) sortu zen Berlinen. Gestalt-entzat lehenik osotasuna hautematen da, eta ondoren bakarrik bereiz daitezke osotasun horren osagaiak. Nolanahi ere, Gestalt teoriak perzezpioaren prozesuaren hasierako hautaketari erabateko arrazoibiderik eman ezin izan zioenez, psikologia joera berriek motibazioek eta interes subjektiboek, hau da, afektibitateak, nortasunak, motibazioak, bizikizunek, eta talde sozialek perzepzioan duten eragina azpimarratu dituzte.