Pershing, John Joseph
Estatu Batuetako militarra (Laclede, Lynn County, Missouri, 1860 - Washington, 1948). West Point-en egin zituen ikasketak. Indiarren aurkako kanpainetan (Arizona, Mexiko Berria, Dakota) eta Kubako setioan parte hartu zuen (1898). Gogor zapaldu zituen Filipinetako 1900-1904. eta 1913. urteetako matxinadak. 1906. urtean jeneral egin zuten. Mexikon barneratu ziren Estatu Batuetako osteen buru izan zen 1916-1917 urteetan; 1917an, Lehen Mundu Gerran, Frantziako frontean borrokatzen ari ziren Estatu Batuetako osteen jeneral nagusi izendatu zuten. Pulitzer saria eskuratu zuen My Experiences in the World War (1931, Nire esperientziak Mundu Gerran) obrari esker.