Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

perspektiba

iz. Gainalde lau batean gauzakiak hiru dimentsiotan irudikatzeko antzea.  v  Perspektibaren legeak, espazioa eta bolumena irudikatzeko antzea sortu zutenak, Errenazimentuan eman ziren (Brunelleschi, Alberti, Massacio, van Eyck); lege horiek aplikatuz, koadro bateko gauzakiak batzuk besteak baino urrutiago (edo gertuago) zeudela adierazteko, urrunekoa gertukoa baino txikiagoa irudikatzen zuten; zenbat eta urrunago egon orduan eta txikiagoa izaten zen gauzakia, eta ikuslearen ikuspuntuari zegokion irudizko gune batean biltzen ziren lerro sistema baten arabera moldatzen zuten irudia. Errenazimentuko perspektibak eragin handia izan zuen, mendebalean batez ere, eta perspektibaz lortutako emaitza bikainei esker mendebaleko arteak ekialdekoaren maila gainditu zuen. Lerro sisteman oinarritutako perspektiba artean ez ezik, arkitekturan, ingeniaritzan eta beste zenbait alorretan ere oso erabilia da, eraikuntza edo dena delakoa egiten hasi aurretik amaitzean nolakoa izango den ikusteko aukera ematen duelako. Aipatzekoa da beste perspektiba mota bat, perspektiba atmosferikoa, perspektiba koloreen eta argi-itzalen kontrastearen bidez adierazten duena. XX. mendean perspektibak orain arte izan duen indarra galdu du; kubismoaz geroztik irudiak plano bakar batean irudikatzeko joera nagusitu da, erlatibitatearen teoriaren eta artea hizkuntza dela eta ez errealitatearen irudikapena dioen joera estetikoaren bidez.  v Geom. ik. proiekzio.