perpaus
iz. Gram. Predikatu eta (gehienetan) subjektuaz osaturiko esaldia. ◊ Log. Egiazko edo faltsu izan daitekeen esaldi bakuna. v Gram. Bi dira perpaus mota nagusiak: lokabeak (beste perpaus baten mende ez daudenak) eta mendekoak (perpaus nagusi baten mendekoak). Bestalde perpausetan aditza jokatua ala jokatu gabea izan daiteke. Gehienetan perpaus lokabeak aditza jokatua dute (Sagar gehiegi jan zuen Ebak), baina ez beti (Eseri hemen, mesedez!). Beste ikuspegi batetik, lau sailetan banatzen dira: adierazpen perpausak (soil soilik zerbait adierazten duten esaldiak), galde perpausak (bere baitan galdera duten esaldiak), aginte perpausak (agindu, eskatu edo egiten dutenak), harridura perpausak (ustekabea, miresmena, harridura adierazten dutenak). v Perpausaren egitura. Perpaus guztiek aditza dute, batzuetan ezkutatua bada ere eta aditzaren inguran zenbait osagarri (bat, bi, hiru edo gehiago): nik (osagarria) bi gizon (osagarria) ikusi ditut (aditza). Osagarriak esaldian duten funtzioaren arabera sailkatzen dira: subjektua, objektua, predikatu osagarria eta adizlaguna.