Permiarra
Geol. Paleozoikoko azkeneko geologia aldia, Karboniferotik (orain dela 280 milioi urte) Mesozoikora (orain dela 225 milioi urte) bitartekoa. Permiar izena Errusiako Perm lurraldetik datorkio, Permiarrari dagozkion estratigrafia ezaugarriak dituzten harriak han aurkitu baitira. Aro honetan glaziazio ugari eta oso klima gogorra izan ziren; hori dela eta, animalia eta landare mota asko desagertu ziren eta Paleozoiko aurreko aldietako aberastasuna galdu zen. Trilobite eta brakiopodo asko desagertu ziren eta bukaera aldera anfibio asko ere bai, eta narrastiak sortu ziren. Ordu arte bizi izan ziren landare pteridofitoak desagertu egin ziren eta gimnospermoek hartu zuten haien lekua.