Perkins, Perl, Martin L
Estatubatuar fisikaria (New York, 1927). Ingeniaritza kimikoko ikasketak egin zituen Brooklyngo Institutu Politeknikoan eta fisikako doktoregoa eskuratu zuen 1950ean Columbiako Unibertsitatean. Michigango Unibertsitateko irakaslea izan zen, eta 1964an Standfordeko Unibertsitateko Azeleragailu Linealaren Zentroan lanean hasi zen. Perlek leptoi tau partikula azpiatomikoa aurkitu zuen; Perlen aurkikuntza haren aurretik fisikari teorikoek ez zuten sumatu ere egin quarkez eta bosoiez gainera hirugarren atomo partikula sail bat ba zenik. 1975. urtean iragarri zuen Perlek bere aurkikuntza, milaka daturen inguruko behaketen ondoren, eta elektroia baino 3.500 aldiz astunagoa zen partikula bat aurkitu zuela esan zuen. Partikula hark protoiaren masaren bikoitza zuen gutxi gorabehera, eta erraz hausten zen, elektroiak, positroiak eta neutrinoak emanez. Aurkikuntza horri esker Fisikako Nobel saria irabazi zuen 1995ean, neutrinoa (beste leptoi mota bat) aurkitu zuen Frederick Reines estatubatuarrarekin batera.