Peres, Shimon
Israeldar politikaria (Vishneva, Polonia, 1923). Haganah erakundeko kidea izan zen (1947an). 1965ean Mapay alderditik atera zen eta Rafi alderdia sortu zuen. 1974-1977 urteetan Defentsa ministroa izan zen Rabinen gobernuan. 1984-1986 urteetan Lehen Ministro izan zen, Y. Shamir Likud alderdiko buruzagia Lehen Ministrordea zuelarik. Laboristen eta Likud-en artean sinatutako akordioa kontuan izanik, 1986an Y. Shamirren esku utzi zuen gobernua. 1986-1988 urteetan Kanpo Arazoetako ministroa izan zen eta 1988-1990 urteetan Finantza ministroa, Shamirren agindupean. 1990. urtean bertan behera geratu zen laboristen eta Shamirren arteko akordioa eta Peresek uko egin zion Shamirrekin gobernua osatzeari. 1992an galdu zuen alderdiaren buruzagitza, Itzhak Rabinek eskuratu baitzuen. Peres izan da Ekialde Hurbileko bakearen bultzatzaile nagusietako bat. 1993an, Peres, Rabin eta Arafatek Printzipioen Deklarazio bat izenpetu zuten Washingtonen, Palestinaren etorkizuneko autonomia eta Gaza eta Jerikotik israeldar gusarosteak ateratzea aurreikusten zituena. Itzhak Rabin atentatuz hil zutenean, Peresek hartu zuen israeldar gobernuaren buruzagitza, eta orobat hartu zuen Defentsa ministerioa. 1996ko hauteskundeetan kargua galdu zuen, Netanjahu eskuindarrak irabazi baitzituen. Bere alderdikide Ehud Barak heldu zelarik agintera 1999an, Eskualde Lankidetzako ministro izendatu zuten. Intifadaren berpiztea eta gobernu laboristaren krisia (2000) zirela-eta, hauteskundeak aurreratu ziren eta Likud-en buruzagiak irabazi zituen, Ariel Sharonek. Sharonek batasun nazionaleko gobernu bat sortu zuen, eta lider laboristak proiektuan parte hartzera gonbidatu zituen. Era horretan, Peresek Kanpo Arazoetako ministerioa eskuratu zuen.