Pereira Pinto Balsemao, Francisco José
Portugaldar politikari eta kazetaria (Lisboa, 1937). Zuzenbideko ikasketak egin ondoren kazetari gisa lan egin zuen Mais Alto aldizkarian (1961-1963) eta Diario Popular egunkarian (1971 arte), eta 1973an, Expresso astekari liberala sortu zuen, Portugalgo argitalpen nagusietako bat. Nazio Biltzarreko talde liberaleko kide izan zen Marcelo Caetanoren agintaldian baina 1973an bere kargua utzi zuen etsita. 1974an Partido Popular Democráticoren sorreran parte hartu zuen Sa Carneirorekin batera (Partido Social Demócrata gerora). 1975ean legebiltzarrerako hautatu zuten eta Biltzar Konstituziogileko lehendakariorde egin zuten. 1979an Errepublikako Biltzarreko kide hautatu zuten, eta 1980an Sa Carneiroren gobernuaren lehendakari laguntzaile izendatu zuten. Urte hartan bertan alderdiburu eta lehendakaritzarako hautagai aukeratu zuten bere alderdian. Sa Carneiroren heriotzaren ondoren, Ramalho Eanes lehendakari zela, gobernuburu izendatu zuten (1981) eta Lehen Ministroaren karguan iraun zuen 1983 arte. Finantza krisiaren, gobernuaren sinesgarritasun ezaren eta PSD alderdi barruko kontraesanen ondorioz bere alderdiaren lehendakaritza utzi zuen eta gobernuari dagokionez ere, 1982ko gobernu krisiaren ondorioz dimisioa eman eta legebiltzarra desegin zuen , nahiz eta karguan iraun zuen 1983ko hauteskundeak arte. 1986an eurodiputatu izendatu zuten baina bertan behera utzi zuen kargu hura bere herriko eurodiputatuen zerrendaburu izan arren portugaldar sozialdemokraten eledun izendatu ez zutelako, eta bertan behera utzi zuen, orobat, Portugalgo Nazio Biltzarra. 1993an telebista kate pribatu ospetsu bateko lehendakari izendatu zuten (SIC).
- Pérec, Marie-José
- perediku
- pereion
- pereiopodo
- Pereira Dos Santos, Nelson
- Pereira Pinto Balsemao, Francisco José
- Perekop
- Peres, Shimon
- perestroika
- Peret
- Pérez Ballestar, Jorge