Pérec, Marie-José
Frantses atleta (Basse-Terre uhartea, Guadalupe uhartedia, 1968). Lehenengo txapelketa 1990. urtean irabazi zuen: pista estaliko 200 m-ko lasterketetako Europako txapeldun gelditu zen eta hirugarren izan zen Europako aire zabaleko txapelketan, 400 m-ko lasterketan. 1991. urtean 400 m-ko munduko txapeldun izan zen, eta harrezkero lasterketa horretan nagusitasuna izan du; 1992an ere urrezko domina lortu zuen Bartzelonako Olinpiar Jokoetan. 1993an 200 m-ko lasterketan saiatu zen, baina munduko laugarren gelditu zen; urrea lortu zuen, hori bai, 1994ko Europako txapelketan, 400 m-tan eta 4 x 400 m errelebotan, eta 1995ean berriro eskuratu zuen Europako txapeldun titulua. Atlantako Jokoetan (1996) urrezko bi domina eskuratu zituen, 400 m-tan bata, eta 200 m-tan bestea.