Peña Goñi, Antonio
Gipuzkoar musikagilea eta kritikaria (Donostia, 1846 - Madril, 1896). Jaioterrian eta Parisen egin zituen musikako ikasketak. Madrilen hartu zuen bizilekua eta hainbat aldizkaritan eman zituen argitara musikari buruzko kritikak. Artikulu horiek Impresiones musicales, Impresiones y recuerdos, Gounod, Lohengrin en Madrid, La obra maestra de Verdi «Aida» eta Arte y patriotismo: Gayarre y Massini lanetan plazaratu zituen. Harena da, halaber, La ópera española y la música dramática en España en el siglo XIX. Euskal kutsuko lanak ere ondu zituen: Vasconia (fantasia) eta Viva Hernani (zortzikoa).