pelbis
iz. Anat. Gorputz enborrarri eusten dion hezur multzoa. Lau hezurrek osatua da: sakroa eta ipurtezurra (atzealdean), eta bi aldaka hezurrak (ezker-eskuinean). Hezur hauen artean, giltzadura gisa, sinfisi izeneko loturak daude: pubisekoa (aurrealdean, bi aldaka hezurren artekoa); sakrokoksigeoa (atzealdean, sakroaren eta ipurtezurraren artekoa); eta sakroiliakoak (atzealdean, sakroaren eta aldaka hezurren artekoak). Bestalde, femurra (beherantz) eta bizkarrezurra (gorantz) giltzatzen dira pelbisarekin. Ardatz ileopektinoak bi barrunbetan bereizten du pelbisa: pelbis nagusia edo sasi pelbisa (goiko barrunbea, abdomenarekin zuzenean lotua dagoena); eta beheko pelbisa edo benetakoa (digestio, ugalketa eta gernu aparatuen organo batzuk –ondestea, maskuria, ureterrak, uretra, umetokia, etab.– bere baitan dituena). Pelbisaren barrunbeak diametro desberdinak ditu gizonetan eta emakumeetan: zabalagoa da emakumearena erditzean haurrak pasa ahal izan dezan, eta luzeagoa gizonarena.