Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Parti Socialiste

(Eusk. Alderdi Sozialista). Frantses erakunde politikoa, Langileen Internazionalean sortua (SFIO: Section Française de l’International Ouvrière), Parisko biltzarrean (1905), Alderdi Sozialista Frantsesak (Jaurés) eta Frantziako Alderdi Sozialistak (Guesde eta Vaillant) bat egin zutenean. 1920ean alderdia banatu egin zen, alderdikide gehienek Internazional Komunistaren alde egin baitzuten; hala sortu zen Frantziako alderdi komunista (SFIC). Blum-ek hartu zuen sozialisten gidaritza; alderdiak hauteskundeetan parte hartu zuen, Herri Fronteko kide izan zen (1936-38) eta Bigarren Mundu Gerran erresistentzian borrokatu zen, baina ez zuen onartu komunistek egindako batasun proposamena (1945). Guy Mollet zela idazkari orokorra, alderdiak IV. Errepublikako gobernu gehienetan parte hartu zuen. Gerra hotzaren garaian NATO-aren alde egin zuen; izen ona galdu zuen, hein batean, politika kolonialistaren aldeko azaldu zelako (Suez, Aljeria). De Gaulleren alde egin zuen, lehendakaritzara irits zedin (1958), baina hurrengo urtean oposiziora aldatu zen, eta komunistengana hurbildu. 1968ko maiatzeko gertakarien ondoren, eta lehendakaritzako hauteskundeetan boto asko galduta, beste talde batzuekin elkartu zen, Alderdi Sozialista berri bat antolatzeko asmoz, Issy-les-Moulineaux-ko biltzarrean (1969); han, Alain Savaryk Mollet-en lekua hartu zuen. Sozialista guztien bateratze biltzarra Epinay-sur-Seine-n egin zen (1971), eta F. Mitterrand hautatu zuten idazkari orokorra. Orduan hartu zuen alderdiak izen berria, Parti Socialiste (PS), eta moldatu zen ezkerraren estrategia bateratua, helburu nagusia ezkerrezko alderdien batasuna zuena. Mitterrand-ek, gobernu egitarau komun baten inguruan, adostasuna lortu zuen komunistekin, eta era horretan boto asko irabazi zituen koalizioak hauteskundeetan, bai 1973koetan, bai hurrengo urtekoetan. Alderdiaren barnean joera desberdinak bazeuden ere, eta komunistekin lotura hautsi zen arren, PS-ak batasuna gorde zuen F. Mitterrand-en gidaritzapean, errepublikaren lehendakaritzarako hautagai zela. Mitterrand lehendakari aukeratu izana 191ean garrantzi handikoa izan zen alderdiarentzat, gehiengo absolutua lortu biatzuen urte bereko Legebiltzarreko hauteskundeetan. Gehiengo hori 1986an galdu zuen, eta sozialistak gobernukide izan ziren de Gaulleren jarraitzaileekin eta errepublikarrekin, Mitterrand-ek jarraitzen zuela lehendakari. 1988ko hauteskundeetan Mitterrand-i eman zioten berriz garaipena, Rocard zela Lehen Ministro. 1991. urtean Edith Cresson-ek, Mitterrand-en lankideak, hartu zuen Rocard-en lekua. 1993an Legebiltzarreko hauteskundeetan sozialistek emaitza txarrak izan zituzten eta eskubiaren esku geratu zen Frantziako gobernua. Gaur egun Rocard da alderdiaren lehendakaria.