Partenon
Atenasko Akropolian, Periklesen aldian, Atenea Partenos jainkosari eskainitako greziar tenplua. K.a. 447-432 urteetan eraiki zuten Iktino eta Kalikrates arkitektoek, Fidiasen zuzendaritzapean. Pentelikos mendiko marmolez egindako lauki zuzena da, 70x30 metrokoa, ekialderantz eta mendebalerantz zuzendua. Estilo dorikoan egina da; aurrealdean zortzi zutabe ditu eta alboetan hamazazpi. Fidiasek mitologiako irudiz eta erliebez apaindu zuen; hark egindako irudi aipagarriena Palas-ena zen. Gaur egun British Museum-en dagoen 159 metroko friso miragarriak herria erakusten zuen Panatenea prozesioan. 1687. urtean veneziarren lehergailu batek Partenonaren zati bat hondatu zuen. Greziako arkitekturako oroitarri nagusia da.