partenogenesi
iz. Biol. Gameto arrak parte hartu gabe gertatzen den izaki bizien ugalketa mota; partenogenesiaren bidez, arrak baino jaiotzen ez direnean, arrenotozia deitzen zaio; emeak baino jaiotzen ez direnean, aldiz, telitozia deitzen zaio, eta deuterotozia, emeak eta arrak jaiotzen direnean. Honen izaera Aristotelesek, Van Leeuwenhoe-k eta Réaumur-ek susmatu bazuten ere, Charles Bonnet-ek frogatu zuen lehen aldiz. Partenogenesia, ornodunetan izan ezik, beste animalia talde gehienetan gertatzen da. v Partenogenesi artifiziala. Hainbat eragileren bidez obuluaren garapena eragitea. Eragile horiek mekanikoak (obulua zulatzea), fisikoak (hotza) eta kimikoak (disoluzio gazi edo azukreztatuetan obulua sartzea) izan daitezke. Eskuarki, ernalketa aztertzeko erabiltzen da. v Partenogenesi naturala. Obuluaren partenogenesi naturala hainbat landare eta animaliatan gertatzen da. Hiru motatakoa izan daiteke: oiesa, noizik behinekoa eta ohikoa. Partenogenesi oiesean obulua bere kasa hasten da zatitzen, baina garapenak ez du aurrera egiten, hau da, izaki berria enbrioi edo larba aldian hiltzen da; partenogenesi mota hori ekinodermo, soinbera, anelido, koleoptero, arrain, batrazio, hegazti eta ugaztunetan –gizona barne– gertatzen da. Noizik behineko partenogesiaren ezaugarri nagusia hau da: arrautza normalean ernalketaren bidez garatzen bada ere, batzuetan ernalketarik gabe garatzea; zenbait landare eta animaliatan (lepidopteroetan, akaroetan eta ekinodermoetan) gertatzen da. Partenogenesia ohikoa da bi sexuen arteko ernalketarik ez denean, hau da, obulua beti partenogenesi bidez garatzen denean; landareetan gertatzen da, alga, onddo, eta iratzetan batik bat.