Parsons, Alan
Britainiar musikaria (Londres, 1949). Musikaren munduan soinu ingeniari gisa hasi zen lanean, The Beatles (Abbey Road) edo Pink Floyd (Dark Side Of The Moon) bezalako taldeekin. Aurrerago, eta musika ekoizle gisa ere ospe handia lortu ondoren, bere grabazioak argitaratzea erabaki zuen, Alan Parsons Project titulupean, Eric Woolfson musikagile eta teklistarekin batera. Bien bitartean Abbey Roadeko estudioetan lan egiten jarraitu zuen. 1976an iraupen luzeko lehenengo lana argitaratu zuen, Arista etxearekin, Tales Of Mistery And Imagination, concept-album, Edgar Allan Poeren kontakizunetan oinarriturik. Parsonsen lehen lan hau Britainia Handiko eta Estatu Batuetako musika entzunenaren zerrendetan sartu zen: I Robot (1977) Estatu Batuetako hamar onenen artean sartu zen. Pyramid (1978) bere lehen urrezko diskoa izan zen; bigarrena, Eve, urtebete geroago argitaratu zen. Bere karrerako gailurra 1982an iritsi zuen, Eye In The Sky diskoarekin. Disko horretako izen bereko kanta Estatu Batuetako hirugarren salduena izatera iritsi zen. Handik aurrera salmentak behera egin zuen, eta Parsonsen proiektua 1980ko hamarraldiaren amaieran bukatu zen, Sterotomy (1986) eta Gaudi (1987) diskoekin. Bere karreran zehar hogei milioi disko baino gehiago saldu ditu eta hamaika aldiz izendatu dute Grammy sarietarako. Dena dela, 1980ko hamarraldiaren bigarren erdian bere rock moldeak ez zuen arrakasta handirik izan. Isilaldi luze baten ondoren, 1993an, Try Anything Once argitaratu zuen, eta 1994ko bukaeran, jendaurrean grabatutako disko bat, Luciferama, jendaurrean jotzen zuen lehenengo aldian, hain zuzen.