Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Parrott, Andrew

Britainiar orkestra zuzendaria (1947). 1970eko hamarraldiaren hasieran Oxfordera joan zen, XVI. eta XVII. mendeetako musika ikertzera, obren intrepretazio benetakoa –aurreneko emanaldikoa– bilatu nahian. 1973an Taverner Choir taldea sortu zuen, eta geroago The Taverner Players. 1977an BBC-ren Promenade kontzertuan parte hartu zuen lehenengo aldiz, Claudio Moteverdiren Bezperak gidatuz. Londresen, Johann Sebastian Bachen Meza mi minorren, Nekaldia San Mateoren arabera eta Brandeburgoko Kontzertuak estreinatu zituen antzinako musika tresnekin. Zuzendari gisa, zehaztasunagatik, hotsaren garbitasunagatik eta xehetasunetan jartzen duen arretarengatik goraipatu dute kritikariek. Musika klasikoa ez ezik, egungo musika ere landu du. Denboraldi batez Michael Tippetten musika laguntzaile gisa aritu zen Electric Phoenix ahots kuartetoaren emanaldietan. 1987an Judith Weierren A Night at the Chinese Opera obraren estreinaldia gidatu zuen. 1971-1983 bitartean Emma Kirkbyrekin ezkonduta egon zen eta disko asko grabatu zituzten elkarrekin. Ikertzaile gisa, Monteverdiren obra hobeto ezagutzen lagundu du.