Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

parnasianismo

iz. Lit. XIX. mendeko bigarren erdialdeko frantses poesia higikundea, erromantikoen lirismoari aurka egiteko sortua, eta poesia inpertsonala eta forma landua proposatzen zuena. 1836an T. Gautier-ek Mademoiselle de Maupin liburuaren hitzaurrean «artea arteagatik» teoria aurkeztu zuen. Haren inguruan elkartu ziren artea erabilgarria izan ez zedin nahi zuten zenbait poeta. Leconte de Lisle izan zen aitzindari nagusia (Poèmes antiques, 1853). Hasieran garai hartako gizarte gaiak erabili zituzten, eta geroago mitologiazkoak, epikoak, antzinako herrietakoak, Indiakoak eta Greziakoak, etab. Higikundearen izena zenbait kidek idatzi zuten Le Parnasse Contemporain (1886, 1871, 1876), hiru alez osatutako poesia bildumatik eratorria da. Le Parnasse-ko hirugarren alea argitaratu zenerako taldea banatzen hasia zen. Gautier, Baudelaire, Banville, Leconte de Lisle, Glatigny, Sully-Prudhomme, Heredia, Coppée, Mallarmé, Verlaine… izan ziren parnasianismoaren jarraitzaile ezagunenak. Europan nabarmena izan zen parnasianismoaren eragina, batez ere Espainiako eta Portugalgo modernisten artean eta Jeune Belgique higikundean.