Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

parafina

iz. Gai solidoa, zuria, usaingabea, hidrokarburo nahastura batek osatua, kandelak egiteko eta papera irazgaitz bihurtzeko erabiltzen dena.  v Parafina hidrokarburoak. Petrolioaren eratorriak diren eta CnH2n+2 formula orokorra duten hidrokarburo aseen saila. Sail honetakoak diren gai guztiei -ano atzizkia ematen zaie, eta hori da familia honen sinboloa. Parafina hidrokarburoak katea zuzenekoak (metano, pentano, oktano, dodekano…) edo katea adarkatukoak (2-metilpropano, 2,2-dimetilbutano…) izan daitezke. Parafinak izendatzeko alkano hitza ere erabiltzen da. Molekulan karbono atomo gutxi dituzten parafinak, metanoa (CH4) adibidez, gasak dira, 5etik 16ra karbono atomo dituzten gaiak isurkariak dira, eta 16 karbono atomo baino gehiago dituztenak argizari itxura dute, parafina argizariak adibidez. Ez dira batere erreaktiboak. Katea adarkatua duten parafinak, isooktanoa adibidez, gasolinaren osagaiak dira; katea zuzenekoak, berriz, diesel erregaietan erabiltzen dira.