Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

paradoxa

iz. Irudiz zentzugabea edo bere buruaren kontrakoa izanik, egia den edo izan daitekeen esaldia; batera egiazkoa eta gezurrezkoa den perpausa. || Gehienen ustearen aurrez aurreko iritzia.  v Paradoxa logikoa. Log. eta Mat. Sendotasunez oinarrituriko kate logiko zorrotz batetik segitzen den ondorio faltsua. Egiazko paradoxa logikoak erabaki ezinak dira, funtsezko arau eta nozio logikoak alde batera uzten ez diren bitartean. Antzinako greziarrak, batez ere Megarako eskolakoak, aporia (paradoxa) horiez arduratu ziren. Horietariko bat “kretarrarena” edo “gezurtiarena” da: kretar batek Kretako biztanle guztiak gezurtiak direla adierazten du. Dioena egia bada, aldi berean, faltsua da, eta gezurra izatera, egia da. Paradoxa hau –modu eta aldaera anitzetan– Antzinatean eta Erdi Aroan erabilia izan zen. Paradoxak ebazteko ahaleginak zientziaren aurrerapenerako lagungarri izan dira; hala, aurreneko multzo teorian aurkituriko paradoxek (Cantor, Russell) matematikaren oinarriei buruzko ikerketa ekarri zuten.