Paraguai
(Izen ofiziala, Paraguaiko Errepublika; Gazt., República del Paraguay). Hego Ameriketako erdialdeko estatua. 406.750 km2 eta 6.669.086 biztanle (2007, paraguaiarrak). Mugak: iparraldean, Bolivia; ekialdean, Brasil; hegoaldean, Argentina; eta mendebaldean, Argentina eta Bolivia. Hiriburua: Asuncion (1.582.559 biztanle, asunciondarrak). Hizkuntza: gaztelania eta guarania (ofizialak). Etniak: mestizoak % 95, europarrak eta indiarrak (guaraniak) % 5. Erlijioa: katolikoak % 90. Dirua: guarania. v Lurraldea. Paraguai ibaiak bi ordoki zabaletan erdibitzen du lurraldea. Mendebaleko ordokiak Argentinan eta Bolivian barrena ere hedatzen den Chaco Handia eremu erdi-idorraren iparraldea hartzen du. Alderdi honetako ibai nagusia Pilcomaio da, Paraguairen eta Argentinaren arteko hego-mendebaleko muga eratzen duena. Paraguai ibaiaren adar nagusia da. Behe ibilguan istingadi zabal bat eratzen du Pilcomaiok. Gainerako ibai gehienak Chacoko lur irazkorretan barneratzen dira, itsasoratu gabe. Ekialdeko ordokia Parana eta Paraguai ibaien ibar zabalek eratua da, eta ibai horien ibaiadarrek ureztatzen dute. Brasilgo muga aldean muino txikiak daude eta, mugan bertan, Amambai eta Mbaracaiu mendikateak (880 m). Paraguai ibaia Hego Ameriketako ibai handienetako bat da: iparraldetik hegoaldera mila kilometro inguru egiten ditu Paraguaiko lurraldean zehar, eta Parana ibaian isurtzen du ura, hegoaldeko mugatik hurbil. Paraguai ibaiak oso gainezkaldi luzeak izaten ditu eta urpean geratzen diren eremu zabalak zingira bihurtzen dira. Iparraldean eta hegoaldean Paraguaiko iparraldeko eta hegoaldeko muga egiten du Paraguai ibaiak. Parana ibaiak berriz Paraguai eta Brasilen arteko muga lerroa egiten du ekialdean eta hegoaldean. Parana ibaiaren egitura dela eta, haitzarte estuan sartua, argietxe handiak eraiki dira haren ibilguan zehar. Parana ibaia, Paraguai eta Pilcomaio ibaiak bezala, ontziz ibiltzeko egokia da, eta horri esker, itsasora aterabidea du Paraguaik. v Klima eta landaredia. Paraguaiko klima beroa eta euritsua da udan (urria-martxoa) eta samurra eta lehorra, berriz, neguan (apirila-iraila). Nolanahi ere, alde handiak izaten dira lurraldearen alderdi batetik bestera. Oro har iparraldea hegoaldea baino beroagoa eta ekialdea mendebala baino euritsuagoa dira. Hala, udako hotz-beroa 25-40 °C bitartekoa izaten da eta negukoa, berriz, 10-20 °C artekoa. Euriari dagokionez, urtean zehar 1.700 mm euri izaten dira Parana ibaiaren inguruan, 1.200 mm Paraguai ibaian zehar eta 500 mm edo gutxiago Chaco aldean, ipar-mendebalean. v Euria bezala landaredia ere urrituz doa ekialdetik mendebalera. Oihan tropikalak hartzen ditu ekialde hezeko muino eta mendiak, eta Chaco aldeko ekialdea. Oihanean, besteak beste, zedroa, kaoba, Schinopsis lorentzii-a, palmondoak eta Ilex paraguaiensis edo mate-arbola hazten dira. Ordokietan sabanak hartzen du oihanaren tokia, zuhaiztiekin batera alderdi batzuetan, eta zingiretan, berriz, landare aledunak, belar luzeak, iratzeak eta uretako landareak hazten dira. Chaco aldeko mendebalean estepa da nagusi, lehorrera egokitutako landare eta zuhaixka arantzatsuekin. v Nekazari eta abeltzain handiak basoa soiltzen ari dira, eta horren ondorioz, habitatak suntsitzen. Bereizketarik gabeko ehiza eta zuhaitz mozketa direla-eta, 14 ugaztun mota, 11 hegazti mota eta 2 narrasti mota desagertzeko zorian daude. Ur zikinak inolako tratamendurik gabe isurtzen dira leku batzuetan eta kutsadura arazo handiak daude. v Biztanleak. Inguruko herrialdeen artean, dentsitate txikiena duena da Paraguai (11,4 biztanle kilometro karratuko). Biztanleen banaketan alde handiak daude leku batetik bestera: paraguaiarren % 96 baino gehiago ekialdean bizi dira, eta % 4 baizik ez mendebaldean. Hiri nagusiak, hiriburuaz gainera, San Lorenzo (133.300 biztanle), Ciudad del Este (133.900 biztanle), Concepcion (25.600 biztanle), Juan Pedro Caballero (80.000 biztanle), eta Fernando de la Mora (95.287 biztanle) dira. Gaztelania eta guarania hizkuntza ofizialak dira biak, eta paraguaiar gehienek biak ezagutzen dituzte. Dena dela, argitalpen gehienak gaztelaniaz didra. Guarania etxean erabiltzen da, eta merkataritza harremanetan gaztelania. Etniei dagokienez, Paraguaiko biztanle gehienak (% 95) mestizoak dira, espainiarren eta guaranien nahasketaren ondorengoak. Gainerakoak guaraniak eta alemaniar, italiar, argentinar eta brasildar gutxiengoak dira. Milioi bat paraguaiar atzerrian bizi da, horietarik 200.000 inguru, arrazoi politikoengatik erbesteratua. XX. mendearen erdialdean, Paraguaiko biztanleen % 35 analfabetoa zen; egun, % 8. Bizi itxaropena, XX. mendearen bukaeran, 69 urtekoa zen. v Ekonomia. Paraguaiko ekonomia lehen sektorean oinarritzen da, nekazaritzan eta abeltzaintzan (barne produktu gordinaren % 26,7 eta biztanleria aktiboaren % 48,6), nahiz eta lurren zati txiki bat baino ez den lantzen. Nekazari leku inportantenak hiriburuaren ingurua, Parana eta Paraguairen elkargunea, eta burdinbidea igarotzen den eskualdea –Villarica eta Encarnacion artekoa– dira: mandioka, artoa, azukre kanabera, platanoak, kotoia eta soia lantzen dira batez ere, tabakoa, kafea, arroza eta mate belarraz gainera. Paraguai munduko soja ekoizle eta esportatzaile handienetakoa da; soja gehiena Alto Parana eta Itapua departamentuetan egiten da, ekialdean. Abeltzaintza leku inportantenak, berriz Concepcion eskualdea –hego-ekialdean–, eta Chacoko ekialdea eta ipar-ekialdea dira. Basogintzak ere garrantzi handia du, eta zur gogorreko zuhaitz tropikal klase asko botatzen dira. Bestak beste, quebracho zuhaitza –taninoa ematen duena– eta Ilex paraguaiensis landarea –mate belarra ematen duena– ustiatzen dira. Lurpeko mea baliabideak, berriz, ez dira oso aberatsak. Dena dela, aipagarriak dira Emboscadako manganeso hobiak, feldespato eta mikakoak –Concepcion-en–, talko eta piroflitakoak –Concepcion-en eta San Migelen–, eta malakita eta azuritakoak. Paraguaiko ibaien ezaugarriak ezin hobeak dira energia hidroelektrikoa sortzeko. Bi urtegi handi daude Paraguain, Acaray-koa (1976) eta Itaipu-koa (1984). Bigarrena munduko zentral hidroelektriko handienetako bat da. Industriari dagokionez, manufakturek ekonomian duten pisua ez da oso handia. Lantegi gehienak Asunciongo eskualdean daude, Central eta Concepcion departamentuetan: haragia, matea, taninoa, kotoia, tabakoa eta larrua dira tradizio handieneko langintzak. v Gobernua eta gizartea. Paraguai errepublika bat da. 1976ko konstituzioaren arabera lehendakariak du aginpide eragilea. Lehendakariak Estatu batzordearen laguntzaz gobernatzen du. Estatu batzordea ministro batzordeak eta gizarteko beste alor batzuetako ordezkariek osatzen dute. Lehendakariak aginpide handia du. Legegintza Kongresuari dagokio. Kongresuak bi ganbera ditu: 60 diputatu batean eta 30 senadore bestean. Kongresuko kideak, lehendakariarekin batera, bost urtez behin hautatzen dira bozketen bidez. Hauteskundeetan garaile ateratzen den alderdiari Kongresuko aulkien bi herenak dagozkio. Administrazioari dagokionez Paraguai 20 departamentutan banatua dago. v Paraguaiko biztanleek gizarte laguntzaren babesa dute (diru laguntza eta mediku zerbitzuak) eri direnean, haurdunaldian eta lan istripuetan. Halaber, estatuaren laguntza jasotzen dute zaharrek, ezinduek eta umezurtzek. Osasun zerbitzuek hobera egin dute, hirietan batez ere, baina hala ere osasun egoera txarra da Paraguain: bizkarroiek eragindako eritasun kutsakorrak, elikadura urritasunarekin batera, dira osasun arazo nagusiak. Edateko uraren, zabor bilketaren eta ur zikinetarako hornikuntzaren azpiegitura hiriburuaren erdialdean baino ez dago aurreratua. Haurren heriotza kopurua Ameriketako handiena da. Heziketa dohain eta nahitaezkoa da 7-14 urte bitartekoentzat. 1990. urteko datuen arabera 15 urtetik gorako biztanleen % 88 alfabetatua dago. Haurren % 85ek egiten ditu lehen mailako ikasketak baina % 20k bakarrik bigarren mailakoak. Bi unibertsitate daude. Gero eta ikasle gehiago ari da nekazaritza eta albaitaritza ikasketak egiten. v Kultura. Paraguaiko kultura guaranien eta espainiarren ekarriez osatua da. Literaturak, XIX. mendeko bakartasuna eta gerrak zirela eta, XX. mendearen erdialdea arte ez du garrantzi handirik izan. Aipatzekoak dira Oscar Ferreyro, Gabriel Casaccia eta, batez ere, Augusto Roa Bastos idazleak. Jesuitak Paraguain izan ziren urteetan eliza eta etxe ederrak eraiki ziren baina horietako gutxik iraun dute gaur egun arte. Jesuitek Espainiako moldeez gainera indiarren kulturaren ezaugarriak ere erabili zituzten, apainketan gehienbat. v Historia. Europako espedizioak gaur egungo Paraguaiko lurraldera iritsi baino lehen guaraniak bizi ziren Paraguai eta Parana ibaien artean. Portugaldarrak iritsi ziren lehenbizi, 1524an, Brasildik barrena Aleixo Garciaren gidaritzapean. Bi urte geroago Sebastian Cabot italiar itsasgizonak Parana ibaian gora egin zuen harainoko bidea. 1537an Juan Salazar de Espinosa espainiarrak Santa Maria de la Asuncion gotorlekua eraiki zuen Paraguai ibaitik hurbil. Asuncion hiria Hego Ameriketako espainiar konkistatzaileen erdigune bilakatu zen. Domingo Martínez de Irala gipuzkoar konkistatzailearen gobernupean Asuncionetik abiatu ziren Santa Fe, Corrientes, Villarrica, Santa Cruz de la Sierra eta beste hiri batzuk sortu zituzten espedizioak, eta 1580an Buenos Aires berriro eraikitzera abiatu zena, mestizoez eta espainiarrez osatua. v XVII. mendean jesuitek beregain hartu zuten indiarrei kristau bidea erakusteko eta Espainiaren aginpidera makurrarazteko agindua. Eginkizun horretarako Jesusen Lagundiak 32 barruti (reducciones) sortu zituen mende t’erdi batean. Guztira 100.000 indiar inguru bizi izan ziren autonomia osoa izatera iritsi ziren barruti horietan. Asunciongo lurjabeek ordea lur eta langile gehiago nahi zituzten. Hori zela eta gerra piztu zen lurjabeen eta jesuiten artean, jesuitei indiarrekiko nagusitasuna kendu nahi baitzitzaien. Gerrak 1721etik 1735era iraun zuen. Jesuitak atera ziren garaile zortzi mila guaranik Buenos Airesko gudarosteari Asuncion hartzen lagundu baitzioten. Nolanahi ere, 1750ean Espainiak eta Portugalek lurralde horiek bi herrialdeen artean banatzea erabaki zuten, Espainiak beldurra baitzion jesuitek iritsitako ahalmenari. Geroago, Espainiak bere aginpideko lurralde guztietatik jesuitak egotzi eta frantziskotarrei eta koroaren ordezkariei utzi zizkien jesuiten mendean ziren lurrak. Harrezkero lur horien oparatosauna gainbehera etorri zen. Guaraniak, edo lurjabeen mendean geratu, edo oihanera joan ziren ihes. Jesuiten jokaerari esker guarania ez zen galdu, Ameriketako beste herrietako bertako hizkuntzekin gertatu zenaren kontra. v 1776an Espainiak Rio de La Platako errege-ordezkaritzaren hiriburua izendatu zuen Buenos Aires, eta Asuncion hiriburu berriaren mendean geratu zen. 1810ean Buenos Airesek burujabetasuna aldarrikatu zuenean Asuncionek uko egin zion hiri harekiko morrontzari eta, portugaldarren laguntzarekin, aurre egin zien Buenos Airestik hiria hartzeko bidalitako gudarostearen erasoei. 1811ko maiatzean Paraguaik burujabetasuna aldarrikatu zuen. Asunciongo batzordeak José Gaspar Rodríguez de Francia legegizona izendatu zuen Paraguaiko errepublikako diktadore. Francia diktadoreak, “Gorena” deitua, hil arte izan zuen aginpidea (1840). Urte horietan Paraguaik ez zuen ia harremanik izan kanpoko herrialdeekin nazioaren izaera eta askatasuna sendotzearren, baina nekazaritzaren erreforma egin zen eta heziketa hedatu. 1844an, Carlos Antonio Lópezen lehendakaritzapean, Paraguaiko lehen konstituzioa onartu zen. Urte horietan kanpo harremanak sendotu ziren, lehen industriak sortu eta gudarostearen azpiegitura indartzeko lanak egin ziren: burdinbidea, merkataritza eta gerra ontzidia, telegrafoa, gotorlekuak eta soldaduentzako erietxeak. Brasilek 1844an eta Buenos Airesek 1852an Paraguairen burujabetasuna onartu zuten. v Paraguaiko gerra: 1864-70. C. A. López 1862an hil zenean haren seme Francisco Solano Lópezek, hartu zuen lehendakaritza. Uruguaiko zurien eta gorrien arteko gerra zibila zela eta, Brasil, aginpidea lortzeko matxinatu ziren gorrien alde, Uruguain sartu zen. Paraguaik gudarostea bidali zuen Uruguaiko zuriei laguntzera, baina Argentinako gobernuak igarobidea ukatu zionean gerra piztu zen. Brasilek, Argentinak eta Uruguaik –gorriak garaile zirelarik– bat egin zuten Paraguairen aurka. Oso gerra latza izan zen eta horren eta bien bitarteko kolera izurritearen ondorioz Paraguaiko biztanleria oso urritu zen. Brasilgo gudarostea 1876an atera zen Paraguaitik. Gerra ondoren bi alderdi nagusi eratu ziren: Alderdi Gorria, kontserbadore eskuindarra, eta Alderdi Liberala. Mende bukaera bitartean alderdien arteko liskarrak, gerra zibilak eta estatu kolpeak izan ziren Paraguain. Gorriak 1887tik 1904ra izan ziren aginpidean. Urte horretan bertan, matxinada baten bidez, liberalek hartu zuten aginpidea, gero hogeita hamar urtez gorde zutena. v Chacoko gerra: 1932-35. Chaco lurraldeko mugak zehaztu gabe zirela eta, Boliviak, itsasora aterabidea bilatu nahian, Paraguai ibairaino zabaldu nahi izan zituen bereak. Bi herrialdeen gudarosteak, indiarrez osatuak gehienbat, hiru urtez borrokatu ziren Chacon. 100.000tik gora paraguaiar hil ziren gerran. Gerra hasi baino urte batzuk lehenago petrolioa aurkitu zuten Chacon eta Estatu Batuek, hango hobiak ustiatzeko zituzten interesak zirela eta, esku hartu zuten gerra amaitzeko. Paraguaik Chaco lurraldearen hiru laurdenak gorde zituen. Gerraz gero gudarosteak esku handia izan du Paraguaiko gobernuan. v 1936an Rafael Franco koronelak hartu zuen aginpidea. 1939ko hauteskundeetan Estigarribia, Chacoko gerrako heroia, atera zen garaile. 1940an hegazkin istripu batean hil zen Estigarribia eta hurrengo urteetan diktadore askoren mendean izan zen Paraguai. XX. mendearen erdialdetik aurrera Paraguairen eta Brasilen arteko harremanek hobera egin zuten. XX. mendearen lehen erdian, 31 urtean 32 lehendakari izan ondoren Paraguain, 1954an Alfredo Stroessner jeneralak indarrez hartu zuen aginpidea. Stroessnerrek “oposizio” legala baizik ez zuen onartu –askotan berak hautatzen zituen oposizioko buruzagiak–, eta zazpi aldiz hautatu zuten lehendakari, azkenekoz 1988ko otsailean. Stroessner alemaniar jatorrikoa zen, nazismoaren mireslea, eta Europatik ihes egindako gerra kriminalak babestu zituen. 1985 inguruan, jeneralaren erregimena –Hego Ameriketako diktadura luzeena– bakarrik geratzen hasi zen, demokrazia bidea hautatu zuten Hego Ameriketako beste herrialde batzuen artean, eta oposizio indartsua sortu zen: Langileen Sindikatu Arteko Mugimendua, indiarren aldeko erakundeak, Lurrik gabeko Nekazarien Batzar Iraunkorra, eta Nekazari Emakumeen Koordinadora, besteak beste. Eliza katolikoa ere aldaketa eskatzen hasia zen. 1989ko otsailaren 3an, Andrés Rodríguez jeneralak kargutik bota zuen Stroessner, eta berak hartu zuen aginpidea. Berehala, hauteskundeak deitu zituen maiatzerako. Eta agindu bezala egin ziren. Hauteskundeetan oposizio guztiak parte hartu zuen, alderdi komunistak izan ezik, legez kanpo baitzegoen oraindik. Rodríguez jeneralak –inguru hartako droga trafikoaren giltza nagusietako bat– irabazi zituen hauteskundeak, botoen % 68 eskuratuta. Oposizio talde nagusiak –Alderdi Erradikal Liberal Benetakoak– botoen % 21 eskuratu zituen. Hauteskundeetan Alderdi Gorriak –aginpidea zuenak– iruzurra egin zuela salatu eta frogatu bazuen ere, oposizioak demokratizazio prozesu baten abiapuntutzat hartu zituen hauteskundeak. Ekonomian, enpresa trasnazionalak soja eta kotoiaren handizkako produkzioan hasi ziren. Atzerritik joandako enpresa eta kolono gehienak Brasilgo mugan daude bilduta, 1.200 kilometro luze eta 65 kilometro zabal den lur zerrenda batean. Han portugesez hitz egiten da, eta Brasilgo dirua erabiltzen da. Uste da 350.000 brasildar inguru daudela mugaldean bizitzen. Caazapa eta Caaguazu aurrerabidean jartzeko proiektuak, Mundu Bankuaren laguntza duenak, indiarren lurrak okupatzea eta abeltzaintzarako eremu bihurtzea dakar, indiarrak leku jakin batzuetara zokoratzen baititu. Hamabi bat indiar elkartek Biltzar Nazional Kontsituziogilean ordezka zitzala eskatu zioten Central Unitaria de Trabajadores (CUT) sindikatuari. Biltzar horretarako diputatuak hautatzeko hauteskundeetan, 1991ko abenduan, CUTek Konstituzioa Denontzat higikundeari eman zion botoa. Brasilgo mugan eraiki den Itaipuko urtegi erraldoia martxan jartzeak bi herrialdeen arteko loturak estutu zituen. 1991ko ekainean, lehen hauteskunde libreetan, Alderdi Gorriak atzera egin zuen, eta indar politiko berri bat azaldu zen indartsu: Asuncion Denontzat higikunde independentea. Higikunde horretako buruzagiak, Carlos Filizzolak –31 urteko medikua–, CUTen eta zenbait gizarte erakunderen babesa zuen. Carlos Filizzola Asunciongo alkate hautatu zuten, botoen % 35 baino gehiago eskuratuta. Bere karguaren jabe egitean, Filizzolak hiriko sektore herrikoien alde egingo zuela hitz eman zuen. Biltzar Nazional Konstituziogilerako hauteskundeetan, abenduan, Alderdi Gorriak botoen % 60 eskuratu zituen; Domingo Lainoren Alderdi Liberal Erradikal Benetakoa bigarren geratu zen, botoen % 29 eskuratuta, eta Konstituzioa Denontzat higikundeak, Filizzolaren gidaritzapean, hirugarren lekua lortu zuen. 1992ko ekaineko Konstituzioak 1967koa –hau da, Stroessnerrena– ordezkatu zuen. Errepublikako presidentea, Auzitegi Gorenekoa eta Kongresukoa ez ziren konstituzio berria aldarrikatzeko ekitaldira agertu. Konstituzio berriak giza eskubideak babesteko legeak onartzen zituen, eta delitu arruntak heriotzaz zigortzea debekatzen. Gudarostearen barruan behin eta berriz ustelkeria salaketak zirela eta –droga trafikoa, besteak beste–, ikerketak hasi ziren. Besteak beste, Gudarosteko komandante buru nagusia atxilotu zuten. 1992ko abenduan, Paraguaik, Argentina, Brasil eta Uruguaik merkatu komun bat (Mercosur) sortzeko ituna egin zuten. Ituna 1995ean gauzatu zen. 1993ko maiatzeko hauteskundeetan, ustelkeria salaketen eta Alderdi Gorria aginpidean egotea eskatzen zuen gudarostearen mehatxuen erdian, hautagai ofizialistak, Juan Carlos Wasmosy-k, botoen % 40 eskuratu zuen. Botoa emateko eskubidea zuten 1,7 milioi paraguaiarren % 75ek eman zuen botoa. Gudarosteak, mugan jarrita, Argentinan eta Brasilen bizi zirenei sarrera eragotzi zien. Alderdi Liberal Erradikal Benetakoak botoen % 33 eskuratu zuen, eta Bategite Nazionalak – enpresaburuen aldeko koalizio bat– botoen % 25. Wasmosy Paraguai idenpendentearen 182 urteetako lehen lehendakari hautatu zibila bihurtu zen. Kongresuak aginpide zibilari eman zion aparatu militarraren kontrola. Irailean, Juduen Mundu Kongresuak Wasmosyri gobernu artxiboak zabaltzeko eskatu zion, Bigarren Mundu Gerran Paraguain babes hartutako naziak bilatzeko. 1994an, militarrek politikan parte ez hartzeko lege bat onartu zuen Legebiltzarrak. Gobernuak eta gudarosteak legea konstituzioaren aurkakotzat jotzeko ekintzak abiatu zituzten berehala. Hori zela-eta, oposizioak gorriekin zuen laguntza ituna hautsi zuen. Estatu Batuek behartuta, Wasmosyk Ramón Rozas Rodríguez izendatu zuen drogaren aurkako borrokaren buruzagi nagusi. 1994an, gudarosteko buruzagiak –Lino Oviedo jenerala tartean– nahasten zituen txosten bat aurkeztera zihoala, Rozas hil egin zuten. Urte hartan borroka gogorrak izan ziren nekazarien eta polizien artean herrialdeko zenbait eskualdetan. Elizaren erakundeak, sindikatuak eta oposizioko alderdiak nekazarien alde egin zuten. Maiatzean greba orokorra egin zen, soldata igoeraren eta nekazaritzaren erreformaren alde eta konpainia estatalak pribatizatzearen aurka. Gobernuak onartu egin zuen erosteko ahalmena % 42 txikitu zela azkeneko bost urteetan, eta soldaten % 35eko igoera onartu zuen. Baso galera ikaragarriari aurre egiteko, abenduan zur esportazioa guztiak debekatu ziren. 1995eko urtarrilean, Giza Eskubideen Batzorde Nazionalak jakinarazi zuen Stroessnerren garaiko krimen asko zigorrik gabe zeudela oraindik, eta nekazari hilketak ez zirela eten. 1996ko apirilean, lehendakariak goi mailako zortzi militar erretirarazi zituen. Oviedo jeneralak ez zuen agindua bete, eta ofizial gazte talde batekin kuartelean bildu zen erasorako prest. Estatu Batuetako enbaxadako bere babeslekutik, Wasmosyk Defentsa ministro izendatu zuen Oviedo, krisia amaitu nahiz, baina bere erabakia baliogabetu zuen aurrerago. Maiatzean, Alderdi Gorriak eta oposizioak militarren jarduera politikoa debekatzeko hitzarmena egin zuten. 1997ko irailean, Alderdi Gorriko barruko hauteskundeetan, Lino Oviedo hautatu zuten lehendakaritzarako hautagai (botoen % 36,8); Luis María Argañak botoen % 35 eskuratu zuen, eta Wasmosyren hautagaiak, Carlos Facettik, % 22,5. Urrian Oviedo atxilo hartu zuten, matxinadaz akusaturik. 1998ko apirilean, auzitegi militar batek hamar urteko kartzela zigorra ezarri zion. Zigorrak ezinegona sortu zuen militar batzuen artean. Politika egoera zalantzazkoak krisi ekonomikoa areagotu zuen, eta guaraniak % 35eko balioa galdu zuen dolarraren aurrean. Maiatzeko hauteskundeetan, Oviedo espetxean zela, Alderdi Gorriak (Raúl Cubas eta Luis Maria Argaña) botoen % 46,8 eskuratu zuen, eta Laino eta Filizzolaren Aliantza Demokratikoak, berriz, botoen % 38,3. Lehendakariaren lehenengo neurria Oviedo jenerala askatzea izan zen. Estatu botereen arteko borroka areagotu egin zen, eta 1999ko martxoan lehendakariari epaiketa politikoa egiteko prest zegoen Legebiltzarra. Hilaren 23an, baina, uniformez jantzitako ezezagun batzuek Argaña lehendariordea hil zuten. Asunciongo kaleetan astebetez izandako borroka gogorretan hainbat pertsona hil ziren. Cubasek karguaren dimisioa eman zuen, eta Brasilen hartu zuen babesa. Lino Oviedok, berriz, Argentinara ihes egiteko baimena lortu zuen. Kongresuko lehendakariak, Luis González Macchi-k, hartu zuen lehendakaritza bere gain, eta Alderdi Gorriko eta oposizioko kideak hartu zituen ministro izateko. 2000an Julio César Francok irabazi zituen lehendakariorde izateko hauteskundeak. 2003an Nicanor Duarte Frutos bihurtu zen lehendakari, baina, handik bost urtera, 2008an, Alderdi Gorriak galdu egin zuen lehendakaritza, hirurogei urtez agintean egon ondoren. Fernando Lugo apezpiku ohiak hartu zuen haren ondoren lehendakaritza.
http://www.redparaguaya.com/elpais/