Panero, Juan Luis
Espainiar poeta (Madril, 1942). Leopoldo Panero poetaren eta Felicidad Blanch idazlearen semea, eta Leopoldo María Panero poetaren anaia. Zuzenbide eta filosofia ikasketak egiten hasi zen, baina bukatu gabe utzi zituen. Aurrerago, Parisen eta Londresen, literatura eta hizkuntza ikasketak egin zituen. Mexikon bizi izan da zenbait urtez, Estatu Batuetako argitaletxe batentzat lanean. Lehen poema liburua 1968an argitaratu zuen: A través del tiempo (Denboran zehar). Lehenengoaren ondoren beste asko etorri ziren gero: Dulce pájaro de juventud (1975, Gaztaroko txori gozoa); Los trucos de la muerte (1975, Heriotzaren trikimailuak); Desapariciones y fracasos (1978, Desagerpenak eta porrotak); Testamento del náufrago (1983, Naufragoaren testamentua); Juegos para aplazar la muerte (1984, Heriotza atzeratzeko jokoak); Antes de que llegue la noche (1984, Gaua heldu baino lehen). Azken liburu horrek Bartzelonako Hiria saria irabazi zuen 1985ean. Gero bere aitaren obraren antologiaren hautaketa, hitzaurrea eta oharrak egin zituen: Leopoldo Panero. 1988an Loewe Fundazioaren Lehen Poesia saria irabazi zuen Galerías de Fantasmas (Fantasmen galeria) poema liburuarekin. Poemak idazteaz gainera, Panerok literatura kritikako lanak idatzi ditu zenbait aldizkaritarako, eta hainbat obra itzuli ditu frantsesetik eta ingelesetik. 1975ean, ama eta anaiekin batera, Jaime Chávarriren El desencanto filmean parte hartu zuen; filmak Panerotarren dekadentzia kontatzen du, hipokrisiak markatutako familia baten adibide gisa. 1993an Los viajes sin fin (Amaigabeko bidaiak) argitaratu zuen, eta 1994an Los mitos y las máscaras (Mitoak eta maskarak), bere literatura prosaren bilduma bat, artikuluaren eta hitz lauzko poemaren artekoa. Anaiekin batera, Después de tantos años (Hainbeste urteren ondoren) filmean parte hartu zuen, Ricardo Francoren zuzendaritzapean. 1999ko hasieran, Enigmas y despedidas (Enigmak eta agurrak) argitaratu zuen, heriotzaren eta bizitzaren enigmak aztertzen dituen liburu bat.
- Pandroso
- Pandu
- Pandya
- panegiriko
- paneka
- Panero, Juan Luis
- Panero, Leopoldo
- Paneth, Joseph
- paneuropeismo
- Panevejis edo Poneviej
- Panezio