Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Panama

Panamako errepublikako eta izen bereko herrialdeko (11.292 km2 eta 1.064.221 biztanle) hiriburua eta portua, Panamako golkoaren ertzean (Ozeano Barea), Panamako ubidearen sarreran. 411.549 biztanle. Hiriaren hegoaldean Balboa dago, Panamako ubidearekin batera hiriko ekonomiaren oinarria osatzen duen jarduera handiko portua. Panaman daude, halaber, ubidearen trafikoa bermatzen duten administrazio erakundeak eta munduko banketxe nagusien egoitzak. Industriari dagokionez, garagardogintza, petrolio findegiak, ehungintza, zurgintza, janari industria eta tabakogintza dira alor nagusiak. Tocumen-go nazioarteko aireportuak, Panamako burdinbideak eta autobide sare zabal batek lotzen ditu Panamako hiria eta Panamako errepublikako eskualde nagusiak. 1935. urtean sortutako Santa Maria unibertsitatea. Aipagarriak dira Espainiaren kolonia izan zen garaiko monumentu ugariak, plazak, katedrala eta San Francisco eliza, besteak beste. Eraikuntza modernoen artean Justizia eta La Presidencia jauregiak, Jauregi Nazionala eta El Panama hotela dira aipagarrienak.  v Historia. 1519. urtean sortu zuen Panamako hiri zaharra Pedrarias Davila gobernadore eta konkistatzaile espainiarrak. Garrantzi handiko merkaritza hiria bihurtu zen eta XVI. eta XVII. mendeetan itsaslapurrek hiria eskuratzeko saio ugari egin zituzten (1671. urtean erabat suntsitu zuen hiria Henri Morgan piratak). XVIII. mendean Panamako hiriaren hondamen politiko eta ekonomikoa izan zen eta 1751n Granada Berriko lurraldearen (gaur egungo Kolonbia) barnean geratu zen. XIX. mendean gorabahera asko izan ziren; burujabetasuna lortzeko ahalegin askoren ondoren, 1903an bereizi zen Panamako estatua Kolonbiatik baina urte hartan bertan Estatu Batuek Panamako hiriaren gaineko eskubideak lortu zituzten. Panamako ubidea zabaldu ondoren (1914), bizkor hazi zen Panamako hiria eta Estatu Batuetako soldaduen aisiarako hiri bihurtu zen. 1989. urteko abenduaren 20an Estatu Batuetako osteek Panamako hiria hartu zuten.