Panamako ubidea
Ozeano Atlantikoa eta Ozeano Barea lotzen dituen ubidea, Panamako istmoan zehar, Ameriketako erdialdean. 81,6 km luze eta 90-150 m zabal (240-300 m Gatun aintziran). Munduko ubide artifizial nagusia da, Suez-ko ubidearekin batera. Panamako ubidea Ozeano Atlantikoko Limon badiatik (Antilletako itsasoa, Colon hiria eta Cristobal portua) Ozeano Barearen ertzeko Balboa hiriraino luzatzen da, eta Gatun aintzira zeharkatzen du bere bidean. Ontzi handiek ezin dute beren indarrez Panamako ubidea igaro. Atoean eramaten dituzte ontziak lokomotiba batzuek, orduko 2 miliako lastertasunean, eta sei lokomotiba behar izaten ditu ontzi bakoitzak eskuarki ubide osoa igaro ahal izateko. Hiru uharte gune nagusi daude ubidean: Gatun, Pedro Miguel eta Miraflores. Uharte hauek bikoitzak dira eta ontziak bi norabideetan igaro daitezke une berean gune beretik. Sarreran eman beharreko denbora barne, 24-30 ordu behar izaten du ontzi batek alde batetik bestera igarotzeko. Mota guztietako gaiak (petrolioa eta hartatik eratorriak, aleak eta ikatza dira gai garraiatuenak) igarotzen dira egunoro Panamako ubidetik. v Historia. XIX. mendean gorpuztu zen Ipar Ameriketako Atlantiko aldetik Ozeano Bare alderako itsasbidea murrizteko proiektua (8.000 itsas milia gutxiago egiten da Panamako ubidetik Hornos lurmuturretik baino). Halaz ere, proiektua ez zen zehaztu Ferdinand de Lesseps Suez-ko ubideko obrak aitzinatu zituen diplomatiko frantsesak 1879an enpresa hartan esku hartu zuen arte. Hasierako proiektu hark, ordea, ez zuen buru onik izan, ekonomia eta politika arazoak zirela eta. 1903. urtean Estatu Batuek hartu zuten ubidea luzatzeko ardura, Panamako estatuko ordezkariekin hitzarmen bat sinaturik, eta 1904-1914. urteetan gauzatu zen frantsesen hasierako hura guztiz hobetu zuen proiektua. Hitzarmen haren arabera, Estatu Batuen esku geratu zen ubidearen ustiakuntza, baita ubidealdearen (Canal Zone ingelesez) gaineko erabateko kontrola, aginpide militarra barne. Tirabira handiak izan dira bi estatuen artean 1914an ubidea zabaldu zenetik aurrera. 1977an sinatu zuten hitzarmenaren arabera, 2000. urtean jasoko ditu Panamako estatuak ubidearen gaineko eskubide guztiak.
- panafrikar
- Panama
- Panama
- Panamako golkoa
- Panamako istmoa
- Panamako ubidea
- panamar
- Panatenea
- Panay
- Panazea
- Pancevo