Panama
(Izen ofiziala, Panamako errepublika; Esp. República de Panamá). Ameriketako erdialdeko estatua, Ipar Amerika eta Hego Amerika lotzen dituen istmoaren hegoaldeko muturrean. Mugak: iparraldean, Karibe itsasoa (Ozeano Atlantikoa); ekialdean, Kolonbia; mendebalean, Costa Rica; hegoaldean, Ozeano Barea. 77.082 km2 eta 3.283.959 biztanle (2006, panamarrak). Hiriburua: Panama Hiria (451.121 biztanle, 2005). Hiri nagusiak: San Miguelito, David, Colon eta Baru. Hizkuntza ofiziala: espainiera. Etniak: mestizoak % 60; beltzak eta mulatoak % 20; zuriak % 10; indiarrak % 8; asiarrak % 2. Erlijioa: katolikoa % 84; protestantea % 4,8; musulmana, % 4,5. Dirua: balboa. v Orografia eta hidrografia. Panama Karibe itsasoaren eta Ozeano Barearen artean dagoen lur zati meharra da, 770 km luze eta alderdirik estuenean, ubidean, 50 km zabal dena. Panamako ubidearen bitartez lotzen dira Ozeano Atlantikoa eta Ozeano Barea. Ordokiek eta garaiera txikiko muinoek osatzen dute Panamako lurralde gehiena. Mendi garaiak ere badira. Tabasara mendizerra Costa Ricako mugatik barrena sartzen da Panaman eta lurraldearen erdialderaino iristen da; mendizerra horretan daude Panamako mendi garaienak: Santiago (2.826 m) eta Baru sumendi itzalia (3.475 m). Panamako ekialdean, Karibeko itsasoaren aurrez aurre, Darien eta San Blas mendiak daude, eta handik hegoaldera, Maje, Jungurudo eta Sapo mendizerra txikiak. Iparraldeko itsasertza laua eta zingiratsua da eta hegoaldekoa, berriz, iparraldekoa baino luzeagoa eta hautsiagoa. Mendebaletik ekialdera, iparraldeko kostan, Chiriqui aintzira eta Mosquitos golkoa daude, eta hegoaldekoan, berriz, Chiriquiko golkoa, Santuen penintsula eta Panamako golkoa. Uharte txiki asko dago. v Panamako ibaiak, lurraldearen egitura estua dela eta, laburrak eta goibehera handikoak dira. Kostaldeko ordokietan deltak eta zingirak eratzen dituzte. Luzeagoak dira ura Ozeano Barean isurtzen duten ibaiak Karibeko itsasoan isurtzen dutenak baino. Tuira (182 km), Chucunaque eta Bayano dira ibai nagusiak. Chagres ibaiaren ura Panamako ubidearen ur sistema erregulatzen duen Gatun aintzira artifiziala hornitzeko erabiltzen da. v Klima eta landaredia. Panamako klima tropikala da, beroa eta hezea. Ipar-ekialdeko haizeek euria ekarri ohi dute. Ozeano Bareko itsasaldeko mendebalean, bi sasoi bereizten dira urtean zehar: hezea, maiatzetik abendura, eta idorra, urtarriletik apirilera; alderdi horretan urtean 1.200 mm euri izaten da gutxienez. Gainerako tokietan, berriz, urte guztian zehar izaten da euria, maiatzetik abenduraino gehienbat: 3.000 mm euri inguru Karibe aldean eta 1.600 mm hegoaldeko kostan, baina toki askotan 3.500 mm euri izateraino iristen da. Euri gehiena maiatzean izaten da. Garaieraren arabera Panaman hiru klima eremu bereiz daitezke: 700 m-tik behera lurralde beroa dago, lurralde osoaren % 87, urte guztian zehar 18 °C baino gehiago izaten dituena; 700-1.500 m bitartean lurralde epela, lurralde osoaren % 10, batez beste 15-18 °C izaten dituena; 1.500 m-tik gora lurralde hotza, lurralde osoaren % 3, urte guztian 15 °C baino gutxiago izaten dituena. Bi kostaldeetan urteko batez besteko tenperatura 27 °C-koa da. v Oihanek eta basoek Panamako lurraldearen erdia baino gehiago hartzen dute. Oihana bereziki ugaria da Karibe aldeko ekialdean eta Darien mendietan. Panamako basoetan, besteak beste, zedroa eta jakaranda hazten dira. Ozeano Bare aldeko muinoetan eta ordokietan berriz sabana eta, alderdi idorragoetan, sastraka oihanarekin tartekatzen dira. Kostaldeetan, Karibe aldean batez ere, palmondoak eta mangle zuhaiztiak daude. v Biztanleak. Panamako gaur egungo biztanle gehienak hango indiarren, espainiarren eta afrikarren mendeetako nahasketen ondorengoak dira. Espainiarrak XVI. mendean istmora iritsi zirenean cuna, guaimi, choco eta beste indiar batzuk bizi ziren lurraldean. Gaur egun indiarrak biztanle guztien % 8 baino ez dira eta, talde txikietan banatuak, Dariengo oihanean eta mendebaleko mendietan barreiatuak bizi dira. Geroago esklaboak eraman ziren Afrikatik. XIX. eta XX. mendeetan, langile asko joan zen Panamara Estatu Batuetatik, Frantziatik, Txinatik, Antilletatik eta beste herrialde askotatik burdinbidea eta ubidea egitera. Panamako jaiotza kopurua Ameriketako erdialdeko apalena da baina, etorkinei esker, biztanleria oso bizkor ugaldu da XX. mendean zehar, Bigarren Mundu Gerra bitartean batez ere. 1900. urtean 300.000 biztanle zituen Panamak eta bi milioi baino gehiago 1980an. Heriotza kopurua ere apala da. Bizi itxaropena 70 urtekoa da gizonezkoentzat eta 74 urtekoa emakumezkoentzat. Biztanleen heren bat Panama hirian eta aldirietan bizi da. v Ekonomia. Panamako ekonomia garapen bidean dago baina, halako egoeran dauden beste herrialdeetan ohi ez bezala, zerbitzuetan oinarritzen da (garraioak, finantzak, zerbitzuak, turismoa…). Panamako ubidea guztiz funtsezkoa da mundu osoko merkataritza harremanetan. v Lehen sektoreak NPGren % 10 eta langileen % 29 hartzen ditu. Nekazaritzari dagokionez, garapen bidean dauden herrialde gehienetan bezala, bizibidea ateratzeko lursail txikiak eta esportaziora bideraturik dauden handiak bereizi behar dira. Lursail txikietan arroza, artoa, mandioka, patatak eta tomateak lantzen dira batez ere, eta handietan, txikietan baino baliabide eta ekoizpen askoz handiagoekin, kakaotzea, azukre kanabera, tabakoa, laranjak, kokondoa eta kafea. Zur bikaineko zuhaitzak izan arren basoa ez da ia ustiatzen. Behi eta zerri hazkuntzak garrantzi handia du Chiriqui, Veraguas eta Los Santos probintzietan. Arrantzak aurreramendu handia izan du XX. mendearen bukaeran: izkirak, abakandoak, ganbak eta arrain irina esportatzen dira. Panamako golkoan perlak hartzen dira. Panamako mea baliabideei dagokienez, oraindik ustiatu gabe badago ere, aipagarria da Cerro Colorado-ko kobre hobia, munduko handienetakoa baita. Itsasoan, Kariben eta Ozeano Barean, petrolioa aurkitu da. Panamak behar duen argindarraren erdia baino gehiago ibaietan eraiki diren indar-etxeetan lortzen da. Industria hazten ari da, baina oraindik ez dago guztiz aurreratua: plastikogintza, ehungintza, tabakogintza, larrugintza eta, batez ere, janari industria (haragi eta arrain kontserba, azukrea, esnea eta esnekiak…). Industriak NPGren % 17 eta langileen % 16 hartzen ditu. Panamaren diru iturri nagusietako bat Panamako ubidea erabiltzeagatik Estatu Batuek ordaintzen dioten errenta da. Colon hiriko portua, Hong Kong-en ondoren, merkataritza harreman askeetarako munduko gune nagusia da (Zona franca de Colón). Garrantzitsua da, halaber, zergei itzuri egiteko Panamako banderapean dagoen itsas ontzidia, beste herrialde batzuetako ontziz osatua, eta ontzi kopuruan munduko hirugarrena dena. Horregatik guztiagatik Panama nazioarteko finantzagune handienetakoa bihurtu da, eta Ameriketako eta Europako banketxe nagusiek dihardute han. Turismoak gero eta garrantzi handiagoa du. Zerbitzuek beraz, langileen erdia baino gehiago eta Nazio Produktu Gordinaren (NPG) hiru laurdenak hartzen dituzte. Panamak merkataritza harreman gehienak Estatu Batuekin ditu: bananak, izkirak, kafea, jantziak eta larrua esportatzen ditu eta kimika gaiak, makinak, tresneria, petrolio gordina eta ibilgailuak inportatzen. v Ipar Amerika eta Hego Amerika alderik alde igaroko dituen errepidearen Panamako zati batzuk amaitu gabe daude. Bi kostaldeak errepidez, burdinbidez eta ubidez daude lotuak. Panamako portu nagusiak, ubidearen alde banatara, Cristobal eta Balboa dira. Airebidezko garraioaren azpiegitura ona da; aireportu nagusia hiriburutik hurbil dagoen General Torrijos nazioarteko aireportua da. v Gobernua eta gizartea. Panama errepublika bat da. Konstituzioaren arabera 67 kidez osatutako Legebiltzarrak du legegintzako aginpidea. Aginpide eragilea lehendakariari dagokio. Lehendakaria bost urtez behin hautatzen da eta berak izendatzen ditu ministro batzordeko kideak eta gainerako goi-karguak. Nolanahi ere, Panamako goardia nazionaleko buruzagi nagusiak ahalmen handia du gobernuan. Administrazioari dagokionez Panama bederatzi probintzietan banatua dago; indiarrentzat barruti berezi bat dago: San Blas. v Panamako gizarte laguntzaren babesa zabala da. Osasun egoera ona da, auzo batzuetan izan ezik. Hezkuntza nahitaezkoa eta dohain da 7-15 urte bitartekoentzat. Hiriburuan Panamako unibertsitatea (1935) eta Santa Maria Antiguako unibertsitatea (1965) daude. v Historia. Espainiarrak 1501ean Panamara iritsi zirenean indiar leinu batzuk bizi ziren lurraldean, 750.000 bat indiar guztira, baina urte gutxiren buruan, eritasunak eta hilketak zirela medio, asko urritu ziren. Hurrengo urteetan espainiar itsasketariek Panamako lurraldea esploratu eta hiriak sortu zituzten. 1513an Vasco Núñez da Balboak istmoa alderik alde igaro eta Ozeano Bareraino iritsi zen. Pedro Arias Dávila-k (Pedrarias) Panama hiria sortu zuen 1519an. Panama hiria oso bizkor hazi zen Karibeko itsasaldeko Nombre de Dios herriarekin lotzen zuen bideari esker, merkataritzagune nagusietakoa bihurtu baitzen. Filipinetako eta Peruko itsasontziak iristen ziren Panamara eta, ondoren, zama abereek Nombre de Dios eta Portobelo portuetaraino garraiatzen zituzten. Espainiatik iristen ziren gaiak alderantzizko bidea egiten zuten. Merkataritza eta ondasunen joanetorriak erakarrita piratek Nombre de Dios (1572 eta 1591) eta Panama (1671) hiriak sakailatu eta suntsitu zituzten. 1821ean Panama Espainiaren administraziopetik banandu eta, Venezuela, Kolonbia eta Ekuadorrekin batera, Simón Bolívar-en Kolonbia Handiaren barruan geratzea onartu zuen. 1846an Kolonbiako eta Estatu Batuetako gobernuen arteko hitzarmen batez bi ozeanoak lotzen zituen burdinbidea eraiki zen zazpi urteren buruan. 1848an Kalifornian urrea aurkitu zenean istmoa are garrantzitsuago bihurtu zen Estatu Batuentzat, funtsezko iraganbidea baitzen mendebaleko eta ekialdeko kostaldeen artean. Burdinbidea Kolonbiaren diru iturri nagusietako bat zen, eta gobernua ubidea egiteko negioziazioetan sartu zen. 1880an Ferdinand de Lesseps frantsesak hartu zuen ubidea egiteko ardura baina, zailtasunak izan zituzten eta Frantziako konpainiak bertan behera utzi zituen lanak 1889an. Frantsesen porrotak bidea zabalik utzi zien Estatu Batuei, baina Kolonbiako gobernuarekin hitzarmen batera iritsi ondoren, Kolonbiako senatuak ez zuen hura berretsi. Erabaki horren kariaz Panama Kolonbiatik banatu zen 1903ko azaroan. Estatu Batuek berehala onartu zuten Panamaren burujabetasuna eta gudarostea bidali zuten Kolonbiatik Panamako matxinada zapuztera zihoazen osteei aurre egiteko. Handik egun gutxitara Estatu Batuek eta Panamako behin-behineko gobernuak Hau-Bunau Varilla-ko Hitzarmena izenpetu zuten; hitzarmen horren arabera Estatu Batuek bere gain hartzen zuten, betiko, ubidearen erabilera eta ardura. 1904an hasi ziren berriro ubidea egiteko lanak eta 1914ko abuztuaren 15ean zabaldu zen bidea. Panamako 1904ko konstituzioak Estatu Batuetako gudarostearen esku hartzea onartzen zuen. Hala, Estatu Batuek, politika egoera nahasiaren aitzakian, beharrezkotzat jo dutenetan sartu dira Panaman. XX. mendean zehar Panamako gobernuak ubideari buruzko hitzarmena aldatzen saiatu ziren. 1968an Panamako goardia nazionaleko Omar Torrijos komandanteak indarrez hartu zuen aginpidea. 1977an Torrijosek eta Carter Estatu Batuetako lehendakariak Estatu Batuen ubidearen gaineko aginpidea 1999an amaitzea hitzartu zuten. Torrijos hegazkin istripu batean hil zen 1984an. Torrijosek estatu kolpea jo zuenez gero, Panamako aginpidea goardia nazionaleko buruzagien eraginpean izan da. 1988an Estatu Batuek Noriega jenerala droga trafikailetzat salatu zuten. Noriegak Delville Panamako lehendakaria kargutik kenarazi zuen. Urte horretan bertan Estatu Batuek Panamako gobernuak haien banketxeetan zituen kontuak itxi zituzten eta uko egin zion ubidea erabiltzeagatik ordaintzea zegokion errenta ordaintzeari. 1989ko hauteskundeetan Guillermo Endara atera zen garaile baina Noriegak hartu zuen aginpidea. Handik hilabete batzuetara Estatu Batuetako gudarostea Panaman sartu eta Noriega atxilotu zuen Floridako base militar batean. Inbasioak krisi ekonomiko larria eragin zuen. 1990. urtean G. Endarak hartu zuen lehendakaritza. 1992an Endara lehendakariaren gobernuak erreferendum bidez Konstituzio Politikoa berritzea onartu zuen. Konstituzio berriaren bitartez, gudarostea desegin eta 1994an hauteskunde garbiak egiteko prozesua abian jarri zen. Oposizioko kide Ernesto Pérez Balladaresek irabazi zituen hauteskunde haiek. 1999an, berriz, Arnulfo Arias lehendakari ohiaren alargunak irabazi zituen hauteskundeak; bera izan zen Panamako gobernua zuzendu zuen lehenengo emakumea. Urte horretan bertan, Torrijos-Carter hitzarmenek ziotenari jarraituz, Panamako Errepublikak hartu zuen bere gain Panamako Ubidearen erabateko kontrola. 2004an Martín Torrijos Espinok irabazi zituen hauteskundeak.
http://www.visitpanama.com/