Palladio, Andrea
Italiar arkitektoa (Padua, 1508 - Vicenza, 1580). Errenazimentuko azkenaldiko arkitekto handiena izan zen. Hargina zen lanbidez; 1540. urte aldera Gian Giorgio Trissino poeta eta humanistak hartu zuen bere babesean. Erroman eta Vitrubion egin zituen arkitektura ikasketak, eta Erromako gauza zaharrak gida argitaratu zuen 1554. urtean. Michelangelok eta Bramantek hasitako San Pedro basilika amaitzeko proiektua aurkeztu zion Paulo III.a aita santuari; hura hil zen ordea, eta Palladiok ezin izan zituen bere asmoak bete. Palladioren lan aipagarrienak Vicenzan eta Venezian daude. Lehenengo hirian aipagarriak dira basilika (1580), Antzoki Olinpikoa, Valmarada jauregia eta Chiericati jauregia. Venezian San Francesco della Vigna (1562), San Giorgio Maggiore (1566-1580) eta Erredentorearen elizak (1577-1580) egin zituen. Arkitekturari buruzko lan bat ere eman zuen argitara, lau liburukitan (Arkitekturari buruzko lau liburuak). Eragin handia izan zuen Europa guztiko arkitektoengan, ingelesengan batez ere, Inigo Jones-en bidez batik bat.