Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

palmazeo

izond. Bot. Arekalen ordenako izen bereko familiako kotiledoi bakarreko zuhaitzez, zuhaixkez eta landare igokariez esaten da. Arekazeo izenaz ere ezagutzen dira familia honetako landareak. 200 genero eta 3.500 mota ezagutzen dira. Oso antzinako landareak dira. Nahiz eta palmazeo mota askok zuhaitz edo zuhaixka itxura izan, horietatik bereizten dituen ezaugarri asko dituzte. Enborra, zuhaitzek ez bezala, adarrik gabea eta biribila dute, hosto-ondoz eta zuntzez estalia; handi-txikian, cm batzuk edo 12, 18 eta 60 m izan ditzakete, motaren arabera. Zura haritsua dute, ez zuhaitzek bezala zurtsua. Oro har hostorri luzeak edo zabalak eta larrukarak dituzte; egituraz, luma itxurakoak nahiz eskuaren formara eratutako hosto-txikiz osatuak dira. Hostorrien gingilak edo hosto txikiak, orrazi modura edo abaniko modura eratuak izan daitezke. Lorea sexu bikoa, sexu banakoa edo oin bakoitzean sexu bana duena izan dezakete, buruxketan edo zuhaitz-modura antolatua. Fruitua mamitsua, baia egiturakoa, edo drupa egiturako lehorra izaten dute. Tropiko aldeko lurraldeetan hazten dira, leku hezeetan nahiz lehorretan. Ezaugarri bereizgarriak dituzten palmazeo mota asko dagoenez, familiaren barnean bost sail bereizten dira gaur: korifoideoak, lepidokarpoideoak, nipoideoak, kariotoideoak eta arekoideoak.