Palmas, Las
Kanaria Handiko ipar-ekialdeko hiria, izen bereko probintziako (4.099 km2 eta 855.494 biztanle ditu herrialdeak) hiriburua. Kanarietako Autonomia Erkidegoko hiriburua da, Santa Cruz Tenerifekoarekin txandaka. 372.270 biztanle. Itsas portu garrantzitsua. Merkataritza, zerbitzuak eta turismoa dira ekonomia jarduera nagusiak. Nazioarteko aireportua. XV. mendeko katedral gotikoa (J. Lujánen eskulturak); San Antonio Abad (1756), San Telmo, San Agustin, San Francisco eta Santo Domingo elizak. XVI. mendean egina da Castillo de la Luz o de la Isletas izeneko gaztelua (monumentu nazionala). Museoa, uharteetako geologia, antropologia eta arkeologiari buruzkoa. v Historia. Real de las Palmas izena eman zitzaion lehen herriguneari, eta apezpiku egoitza izan zen (1485). Filipe II.ak auzitegi bat eta Inkisizio auzitegia ezarri zituen han (1568). Itsaslapur ingelesen eta holandarren eraso ugari izan zituen hiriak. 1777an ekonomia elkarte bat sortu zen; XVIII. mendearen amaieran eta XIX.aren hasieran ezbehar handiak jasan zituen hiriak; 1838. urtean hiriko merkataritza eta portuko jarduera guztia geldiarazi zuen izurri batek. Puerto de la Luz (hasieran Puerto de las Isletas deitua) portua eraiki ondoren (XIX. mendearen amaieran), garapen handia izan zuen hiriak. 1927an Kanaria Handiko herrialdeko hiriburu egin zuten.