Palestina
Ekialde Hurbileko lurraldea, Jordan ibaiaren eta Mediterraneo itsasoaren artean, gaur egungo Israelgo eta Jordaniako estatuetan. 22.400 km2 eta 6 milioi biztanle inguru (% 80 juduak, % 20 arabiarrak eta beste). Mendebal Asiako eskualde horretako lurralde desberdinei eman zaie historian zehar Palestina izena. Lehen Palestina filistiarren herria izan zen; herri horrek eman zion izena, Philistia edo filistiarren lurra. Juduek Kanaan eta, ondoren, Pleshet deitu zuten lurraldea hain zuzen, egungo Tel Aviv hiritik Gaza-ko lurretara hedatzen zen itsasaldeko lur eremu mehar luzea. Lurralde haietan eta ondokoetan egokitu ondoren, Eretz Yisra’el izena eman zioten juduek eskualde hari eta inguruko lurraldeei, baina Palestina izena zabaldu zen greziarren artera (Palaistina). Erromatarren garaian (K.a. II. mendetik aurrera), Siriako herrialdeko hegoaldea zen Palestina (Syria Palaestina), eta tradizio latinoaren bidez zabaldu zen izena kristau zibilizaziora. VII. mendean nagusitu ziren lur haietan arabiarrak eta Falastin izena eman zioten lurraldeari. Leku santutzat dituzte Palestinako gune batzuk munduko jainko bakarreko hiru erlijioek; Jainkoak aginduriko lurtzat dute juduek; guztiz ohoratzen dute kristauek, Jainkoak munduratzean aukeratu zuen lurra izan zela gogoan harturik, eta Mahoma-ren bizitzako gertakari nagusi batzuekin lotzen dute musulmanek. XIX. mendearen bukaeratik aurrera gero eta talde judu gehiago finkatu ziren Palestinan. XX. mendean, otomandarren inperioa desegin ondoren (1922), britainiarrak gailendu ziren lurralde hartan eta Palestina izena hasi ziren erabiltzen modu ofizialean. Sionismoaren eraginez, Israelgo estatuaren alde hasi ziren juduak eta hura lortu ondoren (1948), sendotu zen ordu arte itxaropentsu egon ziren palestinarren abertzaletasuna, eta handik aurrera gorpuztu zen Palestinako estatu berrirako asmoa. 1947an, Palestinako lurraldea bi estatutan, judua eta arabiarra, banatzea erabaki zuen Nazioen Batasunak, baina juduek ez zuten horrelakorik bete 1948an, eta Israelgo estatua sortutakoan hasi ziren juduen eta arabiarren arteko liskarrak eta gerrak, oraino bukatu ez direnak. 1988an, Palestinako estatua aldarrikatu zuen Palestin Askatzeko Erakundeak Israelek 1967ko gerran okupatu zituen Gaza eta Zisjordaniako lurraldeetan. 1993an Gaza eta Jeriko aldearen autonomiarako lehen itun bat izenpetu zuten Israelgo gobernuak eta Palestina Askatzeko Erakundeak eta badirudi luza gabe bi estatu izango direla Palestinako lurralde historikoan, Israelgo estatu judua eta Palestinako estatu arabiarra.