Palermo
Italiako hegoaldeko hiria, Siziliako eta izen bereko probintziako hiriburua. Siziliaren hego-mendebalean, Tirreniar Itsasoan. 723.732 biztanle (1987). Unibertsitatea. Artzapezpiku egoitza. Ardoa, nekazaritzako gaiak eta kimika gaiak esportatzen ditu. Garrantzi handiko industriagunea (janari industria, ehungintza, kimika, ontzigintza). Portua. Aipagarriak dira katedrala (XII. mendean hasia) eta normandiarren garaiko elizak: San Giovanni degli Eremiti (XII. m.) eta San Cataldo (XII. m.), besteak beste. Aipagarriak dira orobat Palermon diren jauregiak: Zisa (XII. m.), Sclafani (XIV. m.), Marchesi (XV. m.), Chiaramonte (XIV. m.), Abbatelli (XV. m.) eta Bonagia (XVII. m.), besteak beste. v Historia. Merkatari feniziarrek sortu zuten K.a. VIII. mendean. Gero kartagotarren esku egon zen, K.a. 254. urtean erromatarrek konkistatu zuten arte. 535. urtean Belisario Bizantzioko jeneralak ostrogodoengandik hartu zuen. Bizantziarren esku egon zen garaian hiriak hazkunde handia izan zuen. 835ean Arabiarrek hartu zuten hiria eta asko aberastu zen Afrikako iparraldearekin zituen merkataritza harremanak zirela eta. Hala ere gorakadarik handiena 1072-1194 urte bitartean izan zuen, normandiarren agindupean Palermo Siziliako erreinuaren hiriburu izan bait zen. 1194. urtean Germaniako Hohenstaufen dinastiak hartu zuen aginpidea. Frederiko II.aren garaian (XII m.) Palermo Europako kulturagune nagusietakoa izatera iritsi zen. 1266. urtean Frantziako Charles I.a Anjoukoak hartu zuen. Handik gutxira herria agintearen aurka matxinatu zen (Siziliako Bezperak, 1282) eta Aragoiko Petri Handiari eskatu zion laguntza. Hark Anjoutarrak bota zituen eta Caltabellotako hitzarmenarekin (1302) gerra amaitutzat eman zen. Palermo Aragoiko koroaren agindupean geratu zen. 1412. urtean Siziliako koroa Aragoikoari batu zitzaion. Palermoren gainbehera hasi zen orduan, eta 1647. urtean herria Espainiako gobernuaren aurka altxatu zen. Utrecht-ko hitzarmenaren (1713) ondorioz, Palermo Savoiako Viktor Amadeo II.aren mende geratu zen, eta 1718. urtetik aurrera Austriako habsburgotarren mende. Hala ere 1734. urtean borboitarrak itzuli ziren aginpidera. Napoleonen gerrak amaitu zirenean Sizilia osoa borboitarren esku geratu zen. 1820 eta 1848. urteetan borboitarren aurkako matxinadak izan ziren, eta 1860an Garibaldik hiria askatu zuen. Palermo sortu berria zen Italiako Erresumari batu zitzaion. Bigarren Mundu Gerran aliatuek hiria hartu zuten bonbardaketa gogor baten ondoren.