Paue
(Gaskoieraz, Pau; Fr. Pau). Frantziako hego-mendebaleko prefetura hiria eta Biarnoko hiriburua, Paue ibaiaren ertzean (Pirinio Atlantikoak, Akitania). 82.186 biztanle (1982). Merkataritza hiri garrantzitsua da. XIII-XVI. mendeko gaztelua, Arte Ederretako museo bihurtua (Gobelin eta Flandesko tapizak, Henrike III.a Nafarroako eta IV.a Frantziako erregeari buruzko dokumentuak) eta Jean Bernadotte-ren jaiotetxea, museo bihurtua gaur egun. Industria jarduera biziki garatu da azken hogeita hamar urte hauetan, Lacq-eko gas hobien ustiakuntzari esker (hegazkingintza, metalgintza; zapatagintza eta harizko ehunak). Turismo hiri garrantzitsua da, Pirinio mendien sarreran dagoenez gero. v Historia. XII. mendekoa da hiri honen lehen aipamena. Biarnoko bizkondeek eraikitako gotorlekuaren inguruan hazi zen hiria eta nekazari feria garrantzitsuak egin izan dira han aspaldidanik. Nafarroako errege-erreginei lotua egon zen hiria, Biarnoko bizkonderriarekin batean, XV. mendearen bukaeratik. Biarnoko hiriburu egin zuten XV. mendean eta Nafarroako Parlementuaren egoitza hiri bihurtu zen 1620an, Luis XIII.a Frantziako erregeak koroa bakar batera bildu zituenean Frantziako eta Nafarroako erresumak. Basses-Pyrénées departamenduko (Pirinio Atlantikoak, gaur egun) hiriburu egin zuten 1790. urtean. 1970. urtean sortu zen Paueko eta Aturriko herrien unibertsitatea.