Oyhamburu, Philippe
Euskal koreografoa eta idazlea (Montevideo, 1921). Parisen egin zituen ikasketak eta Miarritzera jo zuen Bigarren Mundu Gerraren hasieran. Euskara ikasten hasi eta Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalean sartu zen garai hartan. Naziengandik ihesi ibili zen 1942-1944 urteetan, eta Parisen ondu zituen dantza eta musika ikasketak. Miarritzera itzuli zen 1944an eta Olaeta ballet taldearen gidaritza hartu zuen berehala. 1945ean Oldarra izena hartu zuen taldeak eta koreografia, musika eta dantza ikuskari ugari eskaini zuen talde harekin ondoko zortzi urteetan. Eusko Ikaskuntzako idazkari izan zen 1948-1951 urteetan eta 1953an Etorki kantu eta dantza talde profesionala sortu zuen. Emanaldi asko eskaini du ordudanik Etorki taldeak mundu osoan zehar. Idazle gisa ideologia arazoak (1976, La revanche de Bakounine ou de l’anarchisme à l’autogestion; Bakuninen ordaina edo anarkismotik autogestiora), Euskal Herriko politika (1980, L’irréductible phénomène basque; Euskaldunen arazo menderaezina) eta, oro har, euskal gaiak (1981, La danse basque; Euskal dantza) landu ditu bere lanetan. Frantziako eta Ipar Euskal Herriko irratietan ere lan egin du, frantsesez eta euskaraz. Euskal musika, dantza eta kultura sustatzen jarraitzeaz gain, 2001. urtean Diálogo con mi diario-Un joven independentista vasco en el París de la ocupación liburua argitaratu du. Alemaniarrentzat lan ez egiteagatik, Euskal Herritik Paris okupatura ihes egin zuen garaian idatzitako egunkariaren hainbat pasarte berreskuratu zituen liburu horretan.