Owen, Robert
Britainiar ekonomialari, moralista eta erreformazalea (Newton, 1771 - Newton, 1858). Bere garaian ospe gehien lortu zuten sozialista utopikoetako bat eta kooperatiben mugimenduaren aitzindarietako bat da. Lantegi baten jabea izan zen eta gizarte berrikuntza handiak egin zituen han: langileei zahartzaro eta osasun asegurua eskaini zizkien, eskolak eraiki zituen eta lan orduak murriztu. Pertsonen izaeran zerikusia duten baldintzak aztertzen jardun zuen. 1813an A New View of Society, or Essay on the Principle of the Formation of the Human Character, and the Application of the Principle to Practique lana idatzi zuen; lan horretan kooperatibismoaren beharra aldarrikatzen du, langabetuek lana izan dezaten. Ideia horien oinarri teorikoa Report to the County on Lanark (1824) liburuan agertu zuen. 1826an, Estatu Batuetan, A Book of the New Moral World (1826) argitaratu zuen, lanaren balioari buruzkoa, Marxen ideiak oinarri dituena. Besteren artean, Estatu Batuetan “New Harmony” kooperatiba sortu zuen eta “moralaren ordena berria”ren printzipioak bultzatu zituen.