Ormesson, Jean Lefèvre, comte d'
Frantses idazlea eta kazetaria (Paris, 1925). Hainbat ministeriotako kabineteetan aholkulari karguak izan ditu, eta nazioarteko biltzarretako ordezkaritzetan lan egin du. 1950. urtetik aurrera, Unescoko filosofia eta giza zientzietako nazioarteko Batzordeko idazkari orokorra da. Hainbat aldizkari eta egunkaritan kolaborazioak egin ditu (NRF, Nef, Revue de Paris) eta Diogène aldizkariko zuzendari da Roger Caillois hil ondorenetik. 1974-1977 bitartean Figaro egunkariko zuzendaria izan zen. 1971n eleberriaren saria eman zioten Frantziako Akademian. Erakunde horretako kide hautatu zuten 1973an. Bere lana maitasunari buruzko galdeketa da, eta baita denborari buruzkoa ere: bere familiari buruzko historiaren ondoren, Au plaisir de Dieu (1974), historia unibertsalari buruzko lan handiak egin ditu, Dieu, sa vie, son ouvre (1981, Jainkoa, bere bizitza, bere obra), Histoire du Juif errant (1990, Judu alderraiaren historia), La Douane de mer (1994, Itsasoko aduana), Presque rien sur presque tout (1996, Ia ezer ez ia guztiaren inguruan). Saiakera lanen artean aipagarriak ditu: Au revoir et merci (1966, Agur eta eskerrik asko); Une autre histoire de la littérature française (1977, Literatura frantsesaren beste historia bat). Autobiografia bat egin zuen, Le vagabond qui passe sous une ombrelle trouée (1978, Eguzkitako zulodunaren azpian igarotzen den arlotea). Chateaubrianden biografia bat egin zuen, Mon dernier rêve sera pour vous (1982, Nire azken ametsa zuretzat izango da).
- Ormaolamendi
- Ormaolea Gandiaga, Jose Antonio
- Ormazábal Tife, Ramón
- Ormazabal, Iñigo
- Ormazabal, Joxantonio
- Ormesson, Jean Lefèvre, comte d'
- Ormijana
- Ormizd
- Ormuz
- Orne
- ornitina