orize
iz. Zool. Artiodaktiloen ordenako bobidoen familiako zenbait ugaztunen izena. Gorputz sendoa, hanka mehe samarrak eta adar luze zorrotzak dituzte. Afrikan eta Arabiako penintsulako ekialdean bizi dira. v Kalahariko orizea (Oryx gazella gazella). Namibian eta Hegoafrikako iparraldean bizi dena. 120 cm garai izan daiteke eta 180-220 kg har ditzake. Lepoa eta bularraldea sendoak ditu. Isatsa, ipurgaina, beso eta hanketako goialdea, eta muturraren ingurua beltzak dira, eta gainerakoa gris zurixka. Oso adar luzeak eta punta-zorrotzak ditu. Belarrez, ernamuinez eta sustraiez elikatzen da. v Orize zuria (Oryx dammah). Saharan bizi dena eta ile zuri laburra duena. Muturrean eta kopetan bakarrik du ile beltza. Adar luze bihurriak ditu. v Arabiako orizea (Oryx leucoryx). Arabiako penintsulako ekialdean bizi dena. Ile zuria eta laburra du gorputzeko alde gehienetan; hanketan, muturgainean eta isatsaren puntan berriz beltza du. Adar luzeak (metro bat) eta zuzenak ditu.