orfeoi
iz. Mus. Abesbatza batzuek hartzen duten izena. Famatuak dira Donostiako Orfeoia eta Kataluniako Orfeó Català. v Donostiako Orfeoia. 1897. urtean Donostian sortu zen abesbatza, Oñate eta Luzuriaga maisuen zuzendaritzapean. Hasieran gizonezkoen ahotsak bakarrik zituen, baina 1910. urtean, Secundino Esnaola maisuak emakumezkoen eta haurren koruak ere sartu zituen. 1932. urtean Gorostidi izendatu zuten zuzendari, eta 1968. urtetik aurrera Antonio Ayestarán-ek hartu zuen taldearen ardura. 1986. urtean, Ayestarán hil zenean, José Antonio Sáinz izendatu zuten zuzendari. Sari eta aipamen asko jaso ditu. Orfeoiak Europa osoan abestu du, eta baita Europaz kanpo ere. v Orfeó Català. 1891. urtean Lluís Millet-ek eta Amadeo Vives-ek sortu zuten Bartzelonan. Orfeó-ak Kataluniako herri kantuak eta musikagile ospetsuen lanak ezagutaraztea (Pedrell, Nicolau, Vives, Millet, Morera, Manén, Casals) du helburu nagusia. XVI. mendeko a capella polifonia eta lan sinfoniko-koral handienak ere interpretatu ditu. Europako hiri askotan kantatu du.