Orfeo
Mit. Traziako olerkaria eta musikaria. Traziako errege Eagroren eta musa baten (Kaliopearena, elezahar gehienen arabera) semea. Bere kantu ederren bitartez izaki guztiak menderatzen zituen, eta landareak eta zuhaitzak makurrarazten. Horregatik batzuetan Apoloren semetzat hartu izan zen. Euridize, emaztea, hil zitzaionean, infernura joan zen haren bila. Itzultzerakoan, debekatua bazuen ere, atzera begiratu zuen Euridizek jarraitzen ote zion ikusteko, eta orduan emaztea betiko desagertu zen. Elezaharren arabera, Zeusen tximista batek hil zuen Orfeo, edo Menadeek hil zuten, zapuztuta, Orfeok baztertu zituelako. Esan ohi da zitara asmatu zuela, eta lirari bederatzigarren soka erantsi ziola bederatzi musen omenez. Orfeo hil ondoren, haren lira konstelazio bihurtu zen. v Mus. Musikaren historian, Orfeoren pertsonaia jainkoek argitzen duten artistaren eredu gisa erabili izan da, musikari esker adiskidetasuna eta gizabidea zabaltzen duena. Aipagarriak dira, besteak beste, Orfeo gaitzat hartu zuten musikagile hauen operak eta musika lanak: Peri (1600), Caccini (1602), Monteverdi (1607), Rossi (1647), Sartorio (1672), Gluck (1762), J.Ch. Bach (1770), Bertoni (1176), Naumann (1786), Liszt (1854), Krenek (1923), G.F. Malipiero (1925), Milhaud (1926), Roger-Ducase (1926), Stravinski (1948).