Oñatibia Audela, Jon
Gipuzkoar txistulari eta idazlea (Oiartzun, 1911 - Oiartzun, 1979). Zaragozako unibertsitatean egin zituen zuzenbideko ikasketak. Espainiako Gerra Zibila hasi zenean, gudari ibili zen, eta Parisa erbesteratu zen gero. Parisen, Eresoinka musika taldearekin ibili zen, txistulari. 1941ean Venezuelara joan zen, eta han hamahiru urte pasa ondoren, Estatu Batuetatara jo zuen Agirre lehendakariak hala eskatuta. Euskara eta txistua irakasten aritu zen han. 1960. urtean Euskal Herrira itzuli zen, eta Larraun abesbatza eta dantza taldea sortu zuen. Oiartzunen finkatu eta bertako ikastolan euskara jolas bidez irakasteko metodoa abiarazi zuen. Oñatibiarena da Método de euskera radiofónico. Euskera irrati bidez (1965) izeneko ikasbidea. Harenak dira, halaber, Método radiofónico en discos (1967), Ikusi (1965), eta Edur Zuri, Ipotx triskaria, Txano gorritxu, Erruskiñe, Hamelin’go txirularia, Aatetxo itxusia, nazioarteko ipuinen euskararako itzulpenak. Zeruko Argia, Agur eta Goiz Argi aldizkarietan eman zituen argitara lan aipagarrietak, eta batez ere, Caracasen eta New York-en atera zen Argia astekarian. Oñatibia izan zen, gainera Argiako zuzendaria 1946-1958 urte bitartean. Euskaltzain urgazlea izan zen.