Oņaztarren eta ganboarren gerrak
Oņaztarren eta ganboarren arteko liskarrak eta guduak XIII. mendearen bukaeratik XV. mende erdialdea arte hedatu ziren nagusiki, baina haien etorkia lehenagokoa zen. Lazkaoko leinu gipuzkoarra izan zen oņaztarren etxe nagusia eta Ganboako leinu arabarra ganboarrena. Urteen poderioz sare oso bana hedatu zuten hiru herrialdeetan, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko gisa bereko leinuekin ere harremanak zituztenak. Araban sortu ziren leinu indartsuenak XI. eta XII. mendeetan (Gebara eta Mendozako etxeak), baina Gipuzkoan gorpuztu ziren alderdiak ondoko mendean eta handik berehala hedatu ziren Bizkaia aldera. Gipuzkoan ganboarren aldekoak ziren, oro har, kostaldeko, Deba ibaiaren arroko (Elgoibarko Olasoko etxearen inguruan) eta Urola aldeko (Iraetako etxea Zestoan eta Baldakoa Azkoitian) ahaide nagusiak. Oņaztarrak Gipuzkoako Goierrin eta erdialdean (Oria ibaiaren arroan) ziren gailen. Ganboarrekiko mugan zeuden Loiola eta Enparan Azpeitiko etxe oņaztarrak. Bizkaian Abendaņo (Arratia) eta Salazar (Enkarterri) etxeak ziren leinu ganboar nagusiak eta Butroe (Larrabetzutik Plentziaraino), Muxika (Gernika-Busturia) eta Salcedo-Marrokin (Enkarterri) etxeak oņaztar nagusiak. Bizkaiko elizateak eta hiriak oņaztarren eta ganboarren artean banatu ziren XV. mendean. Aditu batzuen aburuz, bi gizarte molde ordezkatzen zuten oro har bi leinuek: artzaintzari eta mendi ekonomiari hertsiki lotuak bide ziren oņaztarrak eta nekazaritzan, merkataritzan eta itsasketan ziharduten batez ere ganboarrek. Politika mailan, Gaztelako koroaren aldekoak ziren oņaztarrak, eta Nafarroako koroaren aldekoak ganboarrak, aldekotasun hauek neurri batean betiere. Nolanahi ere, Gipuzkoa eta Bizkaia bereziki jo zituzten ahaide nagusien arteko liskar hauek azalera ekarri zuten Europako gizartean garai hartan gertatzen ari ziren aldakuntzen kontraesanak (demografiaren hazkundea, ekonomia molde berriek ekarritako krisia, feudalismoaren garraztasuna, hiri berrien eta lurrari loturiko herrien arteko gatazkak ). Laborariek eta menditar xeheek pairatu behar izan zituzten jauntxo eta noble txiki haien arteko liskarrak eta asko izan ziren, halaber, alderdi bereko jauntxoen arteko gorabeherak. Egoera honez baliatu zen Gaztelako erregea bere nagusigoa hermandadeen eta hirietako burges berrien bidez bermatzeko eta 1483an amaitu baziren ere modu ofizial batez (Chinchilla-ko kapitulazioak), ahaide nagusien arteko liskarrak, ez zen amaitu haien eragina.
- Oņati
- Oņatibia Audela, Jon
- Oņatibia Audela, Manuel
- Oņaz
- Oņaz-ko etxea
- Oņaztarren eta ganboarren gerrak
- oņoņa
- ooblasto
- ooezio
- oogamia
- oogamo