Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Oņati

Gipuzkoako hego-mendebaldeko udalerria (Debagoiena). Mugak: iparraldean, Bergara eta Antzuola; ekialdean, Legazpi; mendebalean, Arrasate eta Aretxabaleta; hegoaldean, Barrundia, Asparrena eta Donemiliaga (Arabakoak hiruak). Garaiera, 231 m. 108 km2. 1997ko datuen arabera, 10.660 biztanle (oņatiarrak). Auzo nagusiak: Arantzazu, Araotz, Berezao, Garagaltza, Garibai, Larraina, Lezesarri, Murgia, Olabarrieta, Elaberrieta, Santxolopeztegi, Uribarri, Urrexola, Torreauzo, Zaņartu eta Zubillaga. Oņati ibaiak eta honen ibaidarrek (Olabarrieta, San Lorentzo, Arano, Urkulu, Arantzazu) igarotzen dute udalerria. Euskara, bizkaiera. Hizkuntza banaketa, 1996an: 3.581 euskaldun, 1.156 ia-euskaldun eta 2.050 erdaldun. Industria (janari industria, zurgintza, kimika industria, altzairugintza; langileen % 63,63) eta zerbitzuen alorra (oinarrizko zerbitzuak, dendak, eskolak; langileen % 33,1) dira ekonomia jarduera nagusiak. Arteari dagokionez, aipagarriak dira XV. mendeko San Migel eliza gotikoa (XVIII. mendeko erretaula nagusi barrokoa, XVI. mendeko pulpitua, XVI. mendeko alboko erretaula platereskoa), XVI. mendearen hasierako Bidaurreta monasterio gotiko-Errenazimentukoa (moja klaratarrentzako lehen komentua Gipuzkoan), XVI. mendeko unibertsitate platereskoa (mende bereko dorreak, Errenazimentuko klaustroa), herrialdeko Protokolo artxiboa (14.000 liburu, horietatik 40 1500. urtea baino lehenagokoak), Arantzazuko Santutegia eta XVIII. mendeko udaletxea.  v Historia. Oņatiko jaurerri zaharreko lehen biztanleak Oņati inguruko mendietan bizi izan ziren, Artia, Artzanburu eta Mallako (Duru-Aloņa) trikuharriek adierazten duten bezala. Hiribildua noiz sortu zen ez da ezagutzen, ez baitago horren idatzizko lekukotasunik. Lehen aldiz 1149. urteko dokumentu batean aipatzen da Oņatiko herria. Gipuzkoako muga herria zenez, Araba eta Gipuzkoaren mende egon zen, 1845. urtean behin betiko Gipuzkoako parte izatera iritsi zen arte.  v Oņatiko unibertsitatea. 1540. urtean sortu zen Oņatiko Sancti-Spiritus unibertsitatea. Paulo III.aren buldak unibertsitatea eraikitzeko baimena eman zuen, eta Salamanca, Bolonia, Paris eta Alcalako unibertsitateek zituzten eskubide eta foruen bidez gobernatzeko ahalmena. 1550. urteetan teologia, kanonak, legeak eta arteak irakasten ziren bertan eta hamabi irakasle ziren baina, laguntza ekonomikorik ezean, XVIII. mendearen bukaerarako lau gai baizik ez ziren irakasten eta oso urria zen ikasleen kopurua. XIX. mendearen hasieran (1807) itxi zen unibertsitatea, Karlos IV.aren errege-dekretu baten bidez. Harrezkero eta 1902. urtea arte behin baino gehiagotan zabaldu eta itxi zituzten Oņatiko unibertsitateko ateak. Urte horretan itxi zuten betiko.