Olivier, Laurence Kerr
Britainiar antzezlea eta zuzendaria (Dorking, 1907 - Londres, 1989). Antzerkian eta zineman lan egin zuen, antzezle bikaina izan zen, eta arrakasta handia izan zuen Shakespeareren antzerki lanen antzezle eta zuzendari gisa. 1926ean hasi zen aktore profesional gisa; 1937an Londreseko Old Vic Theatre taldean sartu zen; aldi berean filmak egin zituen Alemanian, Britainia Handian eta Hollywooden. Bigarren Mundu Gerraren ondoren Shakespeareren antzerki lan batzuk egokitu zituen zinemarako. 1962an National Company taldeko zuzendari izendatu zuten eta antzerki lan klasikoak eta garai hartako egileen lanak aurkeztu zituen. Telebistan ere lan egin zuen eta Emmy saria irabazi zuen 1973an, 1975ean eta 1982an. 1944an Oscar berezia eman zioten; 1949an film hoberenari eta aktore hoberenari dagozkion Oscar sariak irabazi zituen eta 1979an ohorezko Oscar saria. 1982an Confessions of an Actor (Aktore baten aitormenak) oroitzapen liburua argitaratu zuen. Film nagusiak: Wuthering heights (1939, Ekaitz-gailurrak), Rebecca (1940), Lady Hamilton (1941), Henry V (1945), Hamlet (1947), Richard III (1955), Spartacus (1960, Espartako), Othello (1965), Sleuth (1972, Detektibea), Marathon Man (1976, Maraton gizona), The Boys from Brazil (1978, Brasilgo haurrak), Richard Wagner (1982).