Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

olmeka

iz. eta izond. Etnogr. Mexikoko antzinako herria, Mexikoko golkoaren kostaldean bizi izan zena, Tabasco eta Veracruz inguruan batez ere. || Herri horretako kidea.  v Olmekak Kolon aurreko Mexikoko lehen kultura aurreratuaren moldatzaileak izan ziren. Mexikoko golkoko hegoaldeko kostalde inguruan bizi izan ziren, Papaloapan ibaiaren eta Terminos aintziraren artean, gaur egungo Veracruz eta Tabasco estatuetan. Bizibidez nekazariak, arrantzaleak eta ehiztariak ziren. Erlijio eta gizarte egitura aurreratua zuten, jaguar itxurako jainko bat gurtzen zuten, eta zenbatzeko sistema bat eta egutegia ere bazuten, gero maiek erabili zutenaren antzekoa. Baina, olmeken kultura arteagatik da ezaguna batez ere: tenpluak eta piramideak eraiki zituzten eta harria artez landuz estatuak eta goi-erliebeak egin zituzten; oso ezagunak dira eskulturak, basalto harri handietan landutako buru erraldoiak, bi metro baino garaiagoak, biribilak, sudur-motzak, ezpain-lodiak, eta burukoa edo kaskoa dutenak. Lehen eraikinak K.a. 1150 urte ingurukoak dira, baina olmeken kulturak K.a. 1100-800 bitartean izan zituen urterik oparoenak, eta eragin handia izan zuen Mexikoko eta Erdialdeko Amerikako ondorengo kulturetan, hala nola, maia, tolteka eta zapoteka herrienetan. K.a. 800 urtetik aurrera olmeken arte estiloaren eragina ahulduz joan zen eta zibilizazioak, K.o. urteetan ere bizirik iraun arren, nagusitasuna galdu zuen. Olmeken artearen aztarnategi nagusiak La Venta, Tres Zapotes, San Lorenzo, Cerro de las Mesas eta Mexikoko beste zenbait alderditan daude.